Xuban Ezeiza eta Laura Sola nagusitu dira Arantzako II. Mendi Lasterketan

Ttipi-Ttapa 2017ko api. 24a, 10:28
Arantzako II. Mendi Lasterketako gizonezkoen eta emakumezkoen podiumak.

201 korrikalarik osatu zuten 20 kilometroko ibilbide gogorra eta Joseba Larralde eta Jone Zelaieta beratarrak izan ziren lehen bortziritarrak Ekaitzako kaxkoan 

Xuban Ezeiza nagusitu zen igandean Ekaitza elkarteak eta Arantzako Udalak bigarren aldiz antolatutako Arantzako Mendi Lasterketan. 20 kilometro luze eta 1.300 metroko desnibel gogorreko ibilbidea (Arantzako plazatik abiatu eta medikuaren etxetik barna, Zepuru, Ilurdi, Ekaitza, Ibintza eta Oilargata pasatu, eta Aientsatik Arruzpin barna herriko plazara), eguzkipean egiteko, ordubete, 42 minutu eta 53 segundo behar izan zituen. Iazko irabazlea, Berako Joseba Larralde izan zen bigarren zortzi segundora (1:43:01) eta Iñaki Mihura baztandarra hirugarren (1:45:42). Emakumezkoetan Uztarrozko Laura Sola nagusitu zen eta bi ordu baini guttiagi behar izan zituen lasterketa burutzeko(1:58:19). Vanessa Peláez andoaindarra izan zen bigarren (2:09:10) eta Galarko Izaskun Sanz hirugarren (2:24:30). Denera, 201 korrikalari helmugaratu ziren (horietatik 14 emakume), eta bertze 20 batek lasterketa utzi behar izan zuten.

Nafarroako Mendi Lasterketen Koparako puntuagarria zen lasterketa. 

Gizonezkoetan, hogei lehenbizikoetan eskualdeko gehiago ere izan ziren. Asier Apezetxea aranztarra bosgarren izan zen (1:47:26), Fernando Etxegarai beratarra seigarren (1:48:37), Dani Iparragirre aranztarra zazpigarren (1:49:24), Mikel Altadill leitzarra zortzigarren (1:50:45), Imanol Lukanbio aranztarra hamalaugarren (1:54:54), Gorka Bermejo leitzarra hemezortzigarren (1:56:29) etaAgoitz Altzugarai lesakarra hogeigarren (1:56:52).

Emakumezkoetan, Jone Zelaieta beratarra bosgarren izan zen (2:34:15) eta Begoña Aroztegi baztandarra hamalaugarren (3:11:48).

Gizonezko nahiz emakumezkoetan, hiru lehenbizikoek 120 euro, 80 euro eta 50 euro eskuratu zituzten. Txapelak ere izan ziren irabazleentzat. Ekaitzeko tontorretik pasatzen ziren lehenbiziko korrikalari bortziritarrei Xabier Zubieta saria ere eman zitzaien, duela 10 urte mendian hildako herriko mendigoizalearen omenez. Joseba Larralde eta Jone Zelaieta beratarrak izan ziren lehenbizikoak eta saria jaso zuen, Aimar eta Lorea Zubieta Larretxea, Xabier Zubietaren seme-alaben eskutik. Txapeldunen sariak ere Aimar eta Loreak banatu zituzten, txapeldunordeenak Julen Oskoz Ekaitza elkarteko lehendakariak eta hirugarrena Igor Ugalde udal zinegotziak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun