‘Isidoro Fagoaga, bada tenorea!’ erakusketa zabaldu dute Berako Kultur Etxean

Ttipi-Ttapa 2017ko api. 24a, 09:12
Josu Iratzoki Berako alkatea eta Lupe Mendigutxia, Isidoro Fagoagaren Lagunak elkartekoa, erakusketa aurkezten.

Apirilaren 21etik maiatzaren 21era irekia dago eta hilaren 28an hitzaldia eskainiko du German Ereña ikerlariak 

Isidoro Fagoaga, bada tenorea! izenburupean urte osorako zenbait ekitaldi prestatu dituzte Beran. Apirilaren 21etik maiatzaren 21era Isidoro Fagoagaren ibilbidea biltzen duen erakusketa zabaldu dute Kultur Etxean (ortzegunetik larunbatera, 18:00etatik 20:00etara eta igandetan 11:30etik 13:30era). Inaugurazio ekitaldia apirilaren 21ean, ortziralean egin zuten eta Karnaba otxoteak ere abestu zuen.

 

Isidoro Fagoagak hil aitzinetik kutxetan sartutako bere materialaren hainbat ale paratu dira erakusgai, gehien-gehienak lehenbiziko aldiz: argazkiak, kontzertuetako kartelak, gutun pertsonalak (Oteizarekin, Barandiaranekin, Martin Ugalderekin…), postalak, operetan erabilitako jantziak eta osagarriak, liburuak…

Inaugurazio egunean berean, Karnaba otxoteak kontzertua eman zuen kultur etxean, baita bertze emanalditxo informalago bat ere Beralandetan. Karnaba otxotea Errenterian sortu zen 2009an, Eguzkilore kamera-abesbatzako hainbat kidek osatua. Euskal Herrian zein kanpoan (Katalunia, Frantzia, Espainia, Flandria, Belgika…) kontzertu ugari emandakoa da. Iaz, 2016an, Kanboko otxoteen sari berezia eta publikoaren sariak irabazi zituen.

Aitzinera begira, apirilaren 28an, ortziralean 19:00etan, Isidoro Fagoaga, idazle eta kantari beratarra solasaldia eskainiko du German Ereña ikerlariak. Hain zuzen, Ereñaren laguntza eskertu dute antolatzaileek.

Omenaldi nagusia, nolanahi ere, maiatzaren 6an, 12:30ean eginen zaio, Abesbatzaren, Bandaren eta Gure Txokoako dantzarien eskutik. Illekuetako Agramontean, bere sortetxean, oroit-plaka bat ere paratuko da.

Erlazionatuak

Isidoro Fagoaga erakusketa

Ttipi-Ttapa 2017 api 24 Bortziriak   Bera

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun