Etxalarko III. Mendi Itzulia apirilaren 23an antolatu dute

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko api. 19a, 12:24

Bi ibilbide izanen dituzte aukeran mendizaleek Etxalar inguruan.

Bi ibilbide izanen dituzte aukeran mendizaleek, 24 eta 30 kilometrokoak

Aitzineko edizioetan bezala oinez egiteko bi ibilbide izanen dira aukeran apirilaren 23rako Altxata Kultur Elkarteak, Etxalarko Udalaren laguntzaz antolatu duen Etxalarko III. Mendi Itzulian. Batetik ibilbide laburra egonen da (24,2 kilometro luze eta 1.200 metroko desnibelarekin) eta bertzetik ibilbide luzea (30,36 kilometro eta 1527 metroko desnibelarekin). 

 

Itzulian parte hartzeko federatu gabeek 12 euro eta federatuek 10 euro ordaindu beharko dituzte. Izen-ematea egunean bertan goizeko 6:30etik 8:00ak arte frontoian edo aurretik www.mendizmendi.com orrialdean eginen da. Irteera 07:30etik 08:30era izanen da eta parte hartzaile bakoitzari dagokion txartela emanen zaio irteerako postuan, hurrengo kontrol postuetan erakusteko. Ez da inolako sailkapenik egonen eta bidea behar bezala seinaleztatua egonen da. Antolatzaileek osasun postuak jarriko dituzte, haietan edozein momentutan behar den laguntza emateko eta beharrezkoa bada, antolatzaileek ibilaldia eten ahal izanen dute edozein unetan. Ibilbidea bukatu baino lehen uztea erabakitzen bada, antolatzaileei abisua eman behar zaie 689246850 telefonoan.

Itzuli honetan herriko zenbait leku ikusgarri ezagutzeko aukera izanen da; Mendiko Harri, Etxalar eta Sarako Usategiak, Atxuria… Ibilbidearen bukaeran jatekoa eta edatekoa izanen da itzulia egin dutenentzat, baita oparitxoren bat ere. Mendia eta oinez ibiltzea gustuko dutenek hitzordu polita dute apirilaren 23an Etxalarren.  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun