Duatloi berezia
Nafarroa Oinezeko leloari lotuta, kirolariek bi modalitaterekin proba bat eginen dute hemen ere eta 20 kilometro inguruko ibilbidea mendi bizikletan (854 metroko desnibel positiboa) eta 13 kilometrokoa lasterka (450 metroko desnibela) osatu beharko dute bikoteka.
Irteera, goizeko 9:00etan izanen dute Plaza Zaharrean, erreleboa Linddurrenborda sagardotegian emanen dio txirrindulariak korrikalariari eta helmuga berriz ere plazan izanen dute.
Herri bazkaria
Bai plazan, baita Linddurrenbordan ere, animazioa izanen da eta probaren ondotik, herri bazkaria, nahi duten kirolarientzat, baita proban parte hartu gabe ere, izena ematen duen edonorentzat ere.
Bazkarirako txartelak, berriz, Izarra okindegian eta Berako Xugan har daitezke apirilaren 23ra arte, baita koordinazioa@oinez2017.ikastola.eus helbide elektronikoan ere. Helduek 12 euro ordaindu beharko dute eta 12 urte arteko haurrek 6 euro. Bazkaria girotzeko musika izanen da eta bazkalondoan sari ezberdinen zozketak ere eginen dituzte.