Oier Ariznabarretak eta Maria Zorrozak irabazi dute Berako XIII. Mendi Maratoi Erdian

Ttipi-Ttapa 2017ko api. 11a, 07:55
Gizonezko eta emakumezko seniorren podiumak.

Laugarren garaipena segidan lortu zuen Durangokoak eta estreinekoa Gernikako emakumeak

Oier Ariznabarreta (Durango), 1:44:05eko denborarekin, eta Maria Zorroza (Gernika) 2:02:10-ekoarekin, irabazle suertatu ziren apirilaren 9an Berako XIII. Mendi Maratoi Erdian. Ariznabarretak ez zuen arazorik izan gizonezkoetan irabazteko, Beñat Katarainen  (Zegama) eta Jon Ugalderen (Andoain) aurretik hurrenez hurren, Larun mendia punturik altuena zuen (900 metro) eta 2700 metrotako desnibela zeukan 21 kilometrotako ibilbide gogorrean.

 

Irabazleak ezin izan zuen berak 2014n ezarri zuen errekorra hobetu, 1 ordu, 37 minutu eta 30 segundukoa. Ibardingo tarteko helmugan ere (150 euroko saria) Durangoko korrikalaria izan zen lehena.

Emakumezkoetan, lehenengoz Maria Zorroza (Gernika) izan da Berako kiroldegiko helmugara iristen bizkorrena, Laura Sola uzta­rrozta­rraren (azken 3 ediziotako irabazlea) eta Alizia Olazabal irunda­rraren aurretik.

547 korrikalarik parte hartu zuten lasterketan, haietatik 530 iritsi ziren helmugara. Jende aunitz hurbildu zen, bero izugarri batekin jokatu zen lasterketaz disfrutatzera. Dena den ez zen aparteko ezustekorik egon.

Isabako Txapatera Landetxean asteburua pasatzeko zozketako boleto saritua 147a izan da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun