Nafarroa Oinez 2017 Lesakan

Frankismoan Agiñako errepidea eraikitzera behartutako Trabajadoreen inguruko bertso trama antolatu du Nafarroa Oinezek

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko urt. 31a, 11:49

Espainiako Gerran preso hartutako soldadoak Arritxulo inguruan.

Otsailaren 11n Arritxulon eginen den bertso saioaren aitzinetik, tobera tailerra eginen dute Arditurrin

Aiako Harriak eta Agiña mendialdeko natura ingurua aukeratu ditu Lesakako Tantirumairu ikastolak Nafarroa Oinez 2017ko lehenbiziko ekimen kulturalak egiteko. Bi dira ekimenak, biak ere inguruari eta memoriari lotutakoak: Lesakako Agiña mendiko errepidea eraiki zuten Trabajadoreak -Frankismoko preso eta langile behartuak- ardatz hartuta osatu du bertso trama ikastolak. Langile haiek lanean aritutako leku berean arituko dira kantuan bertsolariak. Non, eta zehazki, langile hauen barrakoietako bat zegoen Arritxulon (Lesaka eta Oiartzungo mugan, Aiako Harrien ondoan). Esklabu horien lekuan arituko dira Amets Arzallus, Andoni Egaña, Alaia Martin eta Eneko Fernandez bertsolariak. Bertzetik, bertso tramaren aitzinetik, tobera tailerra eskainiko du Soinuenea fundazioak Arditurrin, meategiei lotutako musika tresna izaki. Oiartzunen eta Lesakan toberak jotzeko ohiturari eutsi baitzitzaion, Euskal Herrian leku bakanetakoak.

 

Gerra Zibila bukatu eta ondorengo urteetan, frankismoko 12.000 trabajadore inguru aritu ziren behartutako lanetan Lesakan, Irunen, Lezon, Pasaian, Errenterian eta Oiartzunen, Nafarroa eta Gipuzkoa artean. Taldeka banatu zituzten, eta Batallones disciplinarios de Soldados Trabajadores nº 14 taldeak Lesaka eta Oiartzun elkartzen dituen Agiñako errepidea eraiki zuen. Langileen gehiengoa Espainiako errepublikarrak ziren, Toledokoak anitz, baina tartean ere baziren euskaldunak, Baserri bertsolaria, erraterako. Errepidea eraikitzeko esklabu lan gaitzekin nahikoa ez, eta goseak garbituak izaten ziren trabajadoreak, sukaldarien estraperloa tarteko. Ihes egiten saiatzen ziren anitz, horregatik. 1940ko otsailaren 15ean zazpi preso fusilatu zituzten eskapo egiten ahalegintzeagatik. Ez ziren fusilatu bakarrak izan, baina. Igandero, hala ere, Lesakara eramaten zituzten mezatara. Herritarrek eskutitzak idazten zizkieten, esklabu lekukoek oroitzen dutenez, eta eskutitz horiek soldaduen zentsuratik Salou izaki, bertzelako eskaintzak ere egiteko baliatzen zituzten. Sagar edo ogi pusketaren bat edo bertze ematen zizkieten.

Gertakizun horiek abiapuntu hartuta, eta frankismoa amaitu bitartekoetako gertakariak gogoan osatuko dute bertso trama Arzallus, Egaña, Martin eta Fernandezek, trabajadoreen barrakoiak zeuden Arritxulon bertan. Lekua horretarako prestatuko da propio. 19:00etatik aitzinera arituko dira kantuan bertsolariak, batzuetan langileen ahotik, bertzeetan zaintza eta zigortze lanetaz arduratzen ziren soldaduen begietatik, egun horretarako preziski prestatutako gidoiarekin.

 

Toberak, Lesakan eta Oiartzunen eutsitako ohitura

Txalaparta bezala, ia desagertzear izan ziren Toberak Euskal Herrian. Bidasoa eta Donostialdean, baina, ohiturari eutsi zitzaion. Juan Mari Beltran ikertzaileak dioenez, Lesakan sutegiko hauspoetako tutuari deitzen zitzaion tobera, eta horiek garbitzeko lanetatik sortu zen joaldi mota hau. Ezkongaia laudoriotzeko ere erabiltzen zen, emaztegaiaren atarian jotzen tobera koplekin kantuan lagunduta. Oiartzunen, berriz, Arditurriko meategietako barrenatzaileen palanka erabili zuten tobera gisa. Sorburuak sorburu, baina, transmisioari eutsi zitzaion zonalde honetan, eta Joxan Artze poeta eta txalapartariak, adibidez, Lesakako Bautista Legasa “Erbia”-rekin ikasi zuen toberak jotzen.

Transmisio horri eusteko asmoz ikastaroa antolatu du Lesakako ikastolak, Beltranek buru egiten duen Soinuenea Herri musikaren inguruko topaleku eta dokumentazio zentroarekin batera. Bertako kideek eskainiko dituzte toberaren inguruko azalpenak, eta bertaratutakoek toberak jotzeko aukera izanen dute. Tailerra 16:30ean hasiko da, eta ez da adin mugarik ez aparteko musika jakintzarik beharko.

 

Sarrerak, izena ematea eta afaria

Bertso tramarako sarrerak jada salgai dira 5 eurotan Lesakako Izarra okindegian eta Oiartzungo Garmendia Txokolategian. Egunean bertan ere eskuratu ahal izanen dira. Gainera, bertso tramaren ondotik Arritxulon bertan afaltzeko aukera eskaintzen du Nafarroa Oinezek.

Horretarako aldez aurretik eman beharko da izena helbide honetan: jarduerak@oinez2017.ikastola.eus

Tobera ikastaroetarako, berriz, bertaratzearekin nahikoa da. 16:30ean hasiko da tailerra, eta tenorez iristea eskertuko da. Bi ekimenetara joan liteke, baita bakarrera ere. Aparkatzeko lekua izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun