Nafarroa Oinez 2017 Lesakan

2017ko Nafarroa Oinezaren aurkezpena Lesakan bertan eginen dute igandean

Ttipi-Ttapa 2016ko aza. 25a, 10:28

Tantirumairu ikastolak bi saio antolatu ditu Harriondoa Kultur Etxean, 16:30ean eta 18:30ean

2017ko urriaren 15a urrun dagoela dirudi, baina heldu den urteko Nafarroa Oinez horren antolaketan urratsez urrats segitzen du Tantirumairu ikastolak. Azaroaren 3an Iruñean egindako aurkezpen ofizialaren ondotik, hilaren 12an Bittiria 26an kokatu duen Oinez Dendaren inaugurazioa egin zuten. Elutxa txarangarekin kalejiran joan ziren dendaraino eta irekiera ekitaldian alkateak ere parte hartu zuen.

 

Igande honetan, azaroak 27, Nafarroa Oinezen eskualdeko aurkezpena eginen dute. Harriondoa Kultur Etxeko Txokobiko aretoan bi saio eginen dituzte, 16:30ean eta 18:30ean. Sarrera doan izanen bada ere, aitzinetik txartelak hartu behar dira Tantirumairu ikastolan, Oinez dendan edo Izarra okindegian.

Ikastolatik jakinarazi dutenez, 16:30eko saiorako txartel gehienak banatuxeak daude eta beraz, 18:30korako hartu behar dira falta direnak.

Saio baten eta bertzearen artean eta saioak bukatu ondotik ere, kultur etxearen atarian txozna bat paratuko dute, pintxoak, txokolatea eta edariak saltzeko. Nafarroa Oinezeko materiala ere saltzeko asmoa dute.

Aurkezpen ekitaldian, Nafarroa Oinezeko leloa eta logoa aurkezteaz gain, Nafarroako 15 ikastolen eta euskaltzaleen besta honen helburuak ere azalduko dituzte Amaia Lasheras Tantirumairu ikastolako presidenteak eta Aitor Iratzoki zuzendariak. Bertze sorpresa batzuk ere izanen dira emanaldietan, baina hauek bukatzeko, Nafarroa Oinezeko arropa eta materiala aurkezteko desfilea ere eginen dute lehengo eta oraingo ikasle, guraso, irakasle eta laguntzaileek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun