Help-Na Nafarroako suhiltzaile eta boluntario batzuk osatutako Gobernuz Kanpoko Erakunde berria da. Aurten 30 boluntariok parte hartu dute eta horietako batzuk, inguru honetakoak izanen dira hizlari: Joxean Ortega, Montse Ortega, Bego Zestau, Ana Urtasun, Amaia Berho eta Joseba Berho. Uda honetan Greziako errefuxiatuen kanpalekuentan egondakoak dira eta euren esperientzia eta bertakoen egora larria azaltzera etorriko dira.
Joxean Ortegaren testigantza
Tartean dago Joxean Ortega, Igantziko eskolako irakaslea. Berak aipatu digunez, «nere gelan, Igantziko eskolako 3. zikloan, iazko ikasturtean Gerra eta Pobreziari buruzko proiektu bat egin genuen. Honen harira suhiltzaileen GKEri buruzko lehen berriak entzun nituen. Kontaktua lortu, deitu eta bertara joan nintzen».
Egoera latza eta bortitza topatu du: «jende normala, gu bezalakoa, beraien lurra ez den leku batean dira, 24 orduz, geldirik deus egin gabe, ez dietelako deus egiten uzten». Albistegietan hainbertze agertzen ez bada ere, egoera ez dela moldatu aipatu digu Ortegak. «Baretu da, interesa haundia dagoelako horretarako, baina han diraute 50.000 lagun, haur, gazte, heldu eta zahar, erabat etsituak, guttieneko beharrak nolabait asetuta baina psikologikoki deseginak».
Orain, egoera horren berri zabaltzeko ardura hartu du Help Na elkarteak, izan ere «hemengo jendeak ez daki deus ere, edo gutti daki. Munduan dagoen bertze desgrazia bat da»
Jendea Beralandetan eskainiko den hitzaldira etortzeko animatzea nahi luke, «boluntarioen mundua eta siriar errefuxiatu eta greziar biztanleriaren egoera ezagutzeak merezi du eta!».