«Bildu alkatetzan egon zenean, – dio EHBilduren oharrak– saiatu zen zabor bilketaren inguruko eztabaida herritarrei irekitzen. Horren adibide izan zen 2012ko azaroan antolatu zen batzarra; lesakar guziek izan zuten aukera herriko etxera agertzeko, eta alkatearekin, zinegotziekin eta mankomunitateko teknikariekin zuzenean solasteko. Geroa Baik, ordea, nahiz eta sistema bat defendatu, ez du inoiz azaldu sistema hori zer den: nola funtzionatzen duen, zenbat balio duen –edukiontziak berak, txiparen sistemak, garraioak-, zaborra nora eraman beharko den… Edukiontzia paratu baino egun batzuk lehenago emanen ditu azalpen batzuk, baina pedagogiak, normalean, denbora gehiago eskatzen du».
Edukiontzi marroiaren sistema norberaren borondatean oinarritzen da; ardura pertsonala da organikoa ongi bereiztea. Lesakako EH Bilduren erranetan, «nahiz eta txipak paratu, ez dago modurik kontrolatzeko ongi bereizten ote dugun zaborra, inork kontrolatzen ez duen bezala zer botatzen dugun edukiontzi berdean. Denok ongi egiten badugu, gehiago birziklatuko dugu, eta naturari kalte gutxiago eginen diogu; ez badugu gure borondatez zaborra bereizten, ez gara Iruñetik paratutako baldintzak betetzera ailegatuko, eta hemendik urte batzuetara tasa handiagoak ordaindu beharko ditugu. Edukiontzi marroia paratzeko erabakiak ez badu bueltarik, hobe dugu argi izan ongi baino hobeki erabili beharra dela».
Auzo-konposta ez kentzeko eskaria
Eta, horregatik, behin marroia paratuta, EHBilduren ustez, «oraindik zentzu gutxiago du auzo-konposta kentzeak. Auzo-konposta, edukiontzi marroia bezala, borondatezkoa da, eta, gainera, hori baino merkeagoa: hondakinak ez dira inora garraiatu beharrik, erabiltzaileek beraiek aprobetxatzen dutelako sortutako konposta. Lesakako 248 familiak erabiltzen dute auzo-konposta, ez da bromatan hartzeko kopurua. Ze zentzu du auzo-konpostaren abantaila galtzeak? Batere. Logika pixka bat aplikatuta, zabaldu egin beharko litzateke, ez kendu».
Laburbilduz, EH Bilduri ez zaio iduritzen gestio on bat egin denik, «baina lesakarrei eskatzen diegu birziklapenaren alde egiteko dudarik gabe, ez badugu birziklatzen, ondorio txarrak denok sufrituko ditugulako».