Azaroaran 21ean jarriko da Lesakan materia organikoa bereiz biltzeko edukiontzi marroi berria

Ttipi-Ttapa 2016ko aza. 8a, 08:18
Gisa honetako edukiontzi marroiak erabiltzeko aukera izanen da Lesakan azaroaren 21etik aitzinera. Heldu den astean hasiko dira horiek irekitzeko txartelak banatzen eskatzen duten familien artean.

Datorren astean eta feria egunean txartela hartzeko aukera izanen dute lesakarrek

Azaroaren 21ean jarriko da Lesakan materia organikoa bereiz biltzeko edukiontzi marroi berria, bosgarren edukiontzia. Edukiontzi hau herrigunean dauden edukiontzi puntu guztietan gehituko da eta Bortzirietako Hiri-Hondakinen Mankomunitateak izena ematen duten familiei banatuko dien txartel pertsonalizatu baten bitartez ireki ahal izanen da. 

 

Bertara, etxean sortzen dugun materia organiko guztia bota ahal izanen da:

- Sukaldeko hondarrak: fruta, barazkiak, haragia, arraina, sukaldatutako janari hondarrak, kafe eta infusio hondarrak, etab.

- Lorategietako hondarrak: Belarra, hostoak, adarrak, loreak, etab.

- Baratzeko hondarrak

 

Azaroaren 21ean hasiera emanen zaio kanpainari. Horrek "Marroi ederra dugu eta hagitz berde gaude!" leloa izanen du, edukiontzi berde eta marroiari erreferentzia eginez, hemendik aintzinera jada ezin izanen delako materia organikoa edukiontzi berdean sartu.  

Azaroaren 14an, heldu den astelehen arratsaldeko 6etatik 8etara edukiontzi berriaren aurkezpena eginen da, Herriko Etxeko arkupeetan. Ondotik, izena eman nahi dutenei edukiontzia irekitzeko txartelak banatuko ditu Mankomunitateak.

Hurrengo egunetan ere, txartela hartzeko aukera izanen dute lesakarrek. Azaroaren 15ean, asteartean 16:00etatik 18:30era; azaroaren 16an, asteazkenean 10:00etatik 13:30era eta azaroaren 17an, ortzegunean, 16:00etatik 18:30era. Lesakako ferietan ere egun osoan izanen dira azalpenak ematen. 

Aipaturiko txartela pertsonal eta besterenezina izanen da. Izan ere edukiontziek badute gailu bat tapa ireki duen familiaren izena, eguna eta ordua erregistratzeko aukera ematen duena. Modu honetan, Mankomunitateak informazio baliotsua lortu ahal izanen du materia organikoa bereizten dutenen edo ez dutenen gainean.

Mankomunitatetik oroitarazten dutenez, «zerbitzuen erabiltzaileak gara Europako, estatuko eta Nafarroako araudiak bete behar ditugunak, eta araudi horiek hondakinak bereizi eta dagozkien edukiontzietan behar den bezala sartzera behartzen gaituzte. Gainera, sortzen ditugun hondakinak birziklatuz, ingurumena zaintzen eta klima-aldaketa gelditzen lagunduko dugu, etorkizuneko belaunaldiek Naturaz goza dezaten guk egiten dugun bezala».

Bertzalde, Nafarroako Hondakinen Partzuergoak, materia organikoa bereizten dutenek, tratamendu tasa murrizteko erabakia hartu du, bai etxe edo auzoko konpostagailuan bai edukiontzi marroian sartuta. Eta laster izanen dugun Nafarroako Hondakinen Legeak, «kutsatzen duenak ordaintzen du» printzipioari jarraituta, kanon bat (zerga bat) aplikatzea aurreikusten du zabortegira joanen den hondakin tona bakoitzeko, hau da, zaborrontzi berdean nahasita bilduko direnengatik. Eta denen artean ordaindu beharko dugu.

Beraz, inoiz baino argiago geratzen da, hondakinak bereiztea gero birziklatzeko ingurumenarentzat onurak izateaz gain ekonomikoak ere badituela.

Horregatik guztiagatik, edukiontzi berriaren aurkezpenera etortzera animatzen dute Miguel Mari Irigoien Bortzirietako Hiri-Hondakinen Mankomunitateko lehendakariak eta Jose Luis Etxegarai Lesakako alkateak, eta baita karpara ere zehaztutako egun eta orduetan, txartela hartzera. Egun horietan agertu ezin duenak, 670 522 975 telefonora dei dezake, Mankomunitateko teknikariarekin harremanetan jartzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun