Iratzokik erran bezala, lesakarrentzat «ohore handia» izanen da 2017ko Nafarroa Oineza antolatzea: «Ikastolen eta euskararen aldeko auzolan erraldoia izanen da», azpimarratu zuen. Ilusio handiarekin jaso dute lekukoa lesakarrek. «Badakigu erronka handia dela baina tamaina horretako ilusioarekin hartzen dugu ardura. Denon artean, soka hartu eta tiratu eginen dugula ziur gaude», azpimarratu zuen.
Bigarren Nafarroa Oinez-a Lesakan
Lesakarrek 1988ko urriaren 9an ospatu zuten lehen eta orain arteko azken Nafarroa Oineza, Euskaraz bizi, euskaraz hezi lelopean. Hainbat urtez legeztatu gabe egon ondoren, ordura arteko egoitzak ez zituelako beharrezko baldintzak betetzen, urte hartako bestaren irabaziekin ikastetxe berria irekitzea ahalbidetu zen.
Heldu den urterako lanean hasiak dira gaurgero hainbat batzorde ezberdinetan. Azaroan eginen dute 2017ko Nafarroa Oinezaren aurkezpena, lehenik Iruñean eta gero Lesakan eginen dituzten ekitaldiekin. Bertan aurkeztuko dituzte helburuak, leloa eta logoa.
Baina hori baino lehen, igandean Bianan hainbat guraso, ikasle eta irakasle bildu ziren, bai lekuko hartzeko ekitaldian, bai boluntario moduan, baita desmontaje lanetan ere, hainbat azpiegitura Lesakara ekarriak baitituzte gaurgero.