Usategietako besta ospatuko dute urriaren 16an Etxalarren

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko urr. 13a, 09:14

Eguraldiak laguntzen badu, usazaleak lanean ikusteko aukera izanen da Usategietako Igandean.

Bezperarako ere hainbat ekitaldi antolatu ditu Euskara batzordeak

Ohikoa denez, urriko hirugarren igandean ospatuko dute Etxalarren Usategietako Igandea. Ohiturari jarraituz, usategietara jende aunitz hurbilduko dela espero da, sare bidezko uso harrapaketa tradizionala ikusteko asmoz. Badirudi aurtengoan eguraldiak lagunduko duela jendea Iarmendira igotzeko eta prebisio hauek mantentzen badira, usazaleak bere eguneroko jardunean ikusi ahal izanen dira, sareak hedatu eta 600 urteko tradizioa mantenduz. Sasoia, urriaren 1ean hasi zen eta dagoeneko, 38 dozena inguru erori dira sareetan.

 

Urriaren 15ean, larunbat arratsaldeko 6:30ean antzerkia izanen da Kultur Etxean: Zein ongi bizi zen Ulises. Ondotik, 20:00etan Unama taldea arituko da plazan. Gaztain erreak ere izanen dira jateko. Euskara Batzordeak herritar oro animatu nahi du ekitaldiotan parte hartzera.

Urtero bezala urriaren hirugarren igandearekin, Usategietako Igandea ospatuko da. Eguraldi ona bada goizean talo postua jarriko du Altxatak Lizaietan eta arratsaldean ere ostatua martxan izanen da frontoian dantzarien alde dirua biltzeko. Igande arratsaldeko 6:30etik aitzinera Oharkabe taldeak joko du plazan.

Igandean ere, astebururo bezala, tradizio hau hobeki ezagutzeko bisita gidatuak izanen dira, baina ordutegi zabalagoarekin (11:00etan bakarrik izan beharrean, bi bisita eskainiko dira, bat goizeko 10:00etan eta bigarren bat 12:00etan). Interesatuta daudenek, aldez aurretik 690 26 77 56 telefonora deitu beharko dute. Bisitek ordu bat eta erdi inguru irauten dute eta azalpenak trepa baten azpitik egiten dira, honela, usoa etortzen bada, bertatik bertara ikusten baita prozesu tradizional guztia eta bukaeran bideo bat ikusten da. Bisitaren prezioa, 5 eurokoa da pertsonako eta 10 lagunetik gorako taldeentzat berriz 4 euro pertsonako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun