Usategietako tradizioaren besta ospatu dute igandean Lizarietan

Ttipi-Ttapa 2016ko ira. 26a, 16:44
Karote txapelketan parte hartutakoak, udal agintari eta laguntzaileekin batera Lizarietan.

Etxalar eta Sarako udalen arteko 2011ko hitzarmena berretsi zuten eta Munduko III. karote botatzeko txapelketan, iaz bezala, Daniel Calvet saratarra nagusitu zen.

Usategietako tradizioaren besta irailaren 25ean, igandean ospatu zen Lizarieta inguruan eta berriz ere, saratarrak eta etxalartarrak elkartzen dituen mugan bi herrietako ordezkaritza zabala bildu zen. Duela bortz urte sinatutako ehizari buruzko hitzarmena berretsi zuten Migel Mari Irigoien eta Battite Laborde alkateek eguerdian, Isabel Elizalde Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Toki Administrazio Ingurumen eta Lurralde Antolaketarako kontseilaria lekuko zutela, baina bertze hainbat ekitaldi izan ziren.

 

Goiz osoan eskulangileen lanak ikusgai eta erosgai izan ziren eta paleta egite erakustaldi partehartzailea ere egin zen, baita puzgarriak haurrentzat eta taloak denentzat. Sarako Ondareak prestatutako “Usoak Sarean” erakusketa ere ikusgai izan zen. Aspaldian jokatzen zen “Botaluze” pilota partida ikusteko aukera izan zen Etxalar eta Sarako taldeen artean. Azkenean, saratarrak nagusitu ziren. Makila edo karote botatzeko Munduko hirugarren txapelketan taldaka saratarrek irabazi zieten etxalartarrei eta bakarka ere Daniel Calvet saratarra izan zen makila urrutien bota zuena, Jabier Galarregi etxalartarraren aitzinetik. Sarako dantzariek bere emanaldia eskaini zuten.

Eguerdian 2011ko irailaren 4ko Sara eta Etxalar arteko  hitzarmenaren sinadura berretsi zuten Migel Mari Irigoien eta Battite Laborde, Etxalar eta Sarako alkateek, Isabel Elizalde kontseilaria lekuko zutela 300 bat lagun bildu zituen aretxe-jatea izan zen Lizaietako zelaian, Fernando Otano eta Beñat Mitxelena musikariek alaitua. Giro bikaina jarri zuten.

Bazkalondoan, herri kirol saioa izan zen eta Bera, Etxalar eta Sarako kirolariek proba konbinatu berezia eskaini zuten. Bere garaian Nafarroako txapeldun izan ziren Lurdes Galarregi eta Izaskun Ariztegi etxalartarrak ere aritu ziren arpanan.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun