XII. pintura-lehiaketa aire zabalean eginen dute irailaren 18an Beran

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko irailaren 16a

Joan den urteko irabazlea, Jose Miguel Arranz, lanean.

Gure Txokoak antolatu du Udalaren babesarekin eta 16 urtetik goitiko edonork parte har dezake

Hamar urtez segidan egin ondotik, 1993an egin zen hamargarren Berako margo lehiaketa. 22 urte geroago, iaz lehiaketa berreskuratu zuen Gure Txokoa elkarteak, eta aurten segida emanen diote igande honetan, irailaren 18an.

 

Margolarien lana agerian paratu eta artea herritarrengana hurbiltzeko asmoarekin antolatu du Gure Txokoa elkarteak, Udalaren babesarekin XII. Berako pintura-lehiaketa aire zabalean. 16 urtetik goitiko edozeinek parte hartu ahal izanen du, beratarrak nahiz kanpokoak, eta izena emateko egun berean joan beharko da Gure Txokoa elkartearen Jamoteneako egoitzara goizeko 9etatik aitzinera. Euskarria zigilatu eginen zaie partaideei, eta ondotik, lanak arratsaldeko 4etarako aurkeztu beharko dira.

Edozein teknika erabili ahal izanen da, baina margolanaren euskarriak ez du aitzinetik manipulatua egon behar, erabat zuria egon behar du. Euskarriaren neurria librea izanen bada ere, alde bakoitzetik gehienez ere 100 cm eduki ahal izanen ditu.

Hiru sari emanen dira, 900 eurokoa, lehenbizikoa; 600 eurokoa, bigarrena eta 300 eurokoa, hirugarrena. Lan irabazleak Gure Txokoa elkartearen eta lehiaketaren babesle den Berako Udalaren esku geldituko dira, eta gainerakoak egun berean edo ondorengo 15 egunetan jaso daitezke, jasotzeko eguna eta ordua zehazteko aitzinetik abisua emanda Luperi (647 840482 telefonoa) edo Juan Carlos-i (616 240144. Antolakuntzak izendatutako epaimahai batek emanen ditu irabazleen izenak, eta sari ematea lehiaketaren egun berean eginen da, arratsaldeko 6:30ean.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun