Tío Teronen semeak, dantza ikuskizun berezia Illekuetako bestetan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko irailaren 15a

Dantza eta umorea uztartzen ditu Tío Teronen semeak taldearen ikuskizunak.

Larunbat arratsaldeko 7etan eskainiko dute ‘FreshCool’ emanaldia 

Illekuetako bestetako egitarau zabalean, aipamen berezia merezu du Tío Teronen semeak taldeak larunbat arratsaldeko 7etan Altzateko plaza berrian eskainiko duen FreshCool dantza ikuskizuna.

Hainbat jatorritako dantzariak bildu dira Tío Teronen semeak taldea sortzeko. Bi gauza dituzte komunean: dantzatzeko pasioa eta umore paregabea. Urtetan zehar, eta gaur egun arte, euskal dantza tradizionalean murgildurik dauden dantzariak eta musikariak dira, baina, oraingoan, ez dute horrelakorik eskainiko. Dantza eta musika estilo desberdinak joan eta etorriko dira, nahastu eta aldenduko dira; patroi zehatz bat jarraitu gabe eta ondo pasa­tzeko helburu bakarrarekin.

Hain zuzen, FreshCool ikuskizuna eskainiko dute larunbat arratsaldean Illekuetan 14 dantzarik eta 4 musikarik (Txistua, txirula, klarinetea, haize tresna laguntzaileak, danbolina, atabala, txalaparta, yembeak, darbukak, txindak eta elementu perkusibo desberdinak). «Umorez betetako ikuskizun dantzatua, orain arte inoiz ikusi ez den bezala». Halaxe definitzen dute. Ikuskizuna doan izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun