Nafarroako Artxibategi Nagusiko lehen mikroerakusketa Berari eskaini zaio

Ttipi-Ttapa 2016ko ira. 12a, 09:57
1824an Londresen argitaratu zen Berako ikuspegia agertzen duen grabatu hau. Orain, Nafarroako Artxibategi Nagusian ikus daiteke.

Carlos III.aren agindu bat, herriko grabatu bat Independentzia Gerran eta 1880ko Lore Jokoen kartela ikusgai

Nafarroako Artxibategi Nagusiak mikroerakusketa ziklo berri bati ekin dio, Nafarroa, iparretik hegora izenburupean. Hilabetero, herri ezberdinetako agiriak erakutsi nahi dituzte, Artxibategian gordetzen diren herriz herriko funtsek eta bildumek duten garrantzia agertarazteko. Iraileko protagonista Bera izanen da.

 

Honela, Bera Nafarroako Artxibategian mikroerakusketarako sarbidea librea eta doanekoa izanen da, astelehenetik ortziralera, 08:30etik 14:30era eta 17:00etatik 20:00etara, asteazkenetan segidan 08:30etik 20:00etara eta astebururu eta besta egunetan 11:00etatik 14:00etara.

Zehazki, erakusketan, Carlos III erregearen agindu bat, letra gotikoan idatzia, Independentzia Gerran egindako grabatu bat eta 1880ko Lore Jokoen kartela ageri dira erakusketan.

Carlos III.aren agindua Bera ageri den zaharrenetako bat da. 1403an Oliten (Erriberri) idatzia da eta bertan Berako (Berha) eta Lesakako (Lessaqua) bizilagunei baimena ematen zien Frantziako Cherburgoko gazteluko gastuak ordaintzera bideratua zegoen zerga ez ordaintzeko. Gisa berean, Edward Hawke Locker artista eta militar britaniarrak Independentzia Gerran egindako herriko ikuspegia ere ageri da erakusketan (argazkian). Grabatuak Berako ikuspegia agertzen du, San Esteban eliza hurbilean eta San Migel zubia ageri direla. Londresen argitaratu zen 1824an.

Azkenik, 1880an Beran egin ziren Lore Jokoen kartela ere ageri da. Asociación Éuskara de Navarra elkarteak antolatu zuen eta Nafarroako Gorteei buruzko ikerketa onenak saritu ziren, baita euskaraz egindako olerki onenak, ttunttunero ak bi bertsolari onenek ere 80 pezetako saria jaso zuten, segalari onenak sega grabatu batekin eta 25 pezeta laxoa partidako irabazleek, kartelean ageri denez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun