Herrietako bestetako kontuak

«Oroimena lantzeko modu aunitz daude eta horietako bat arte adierazpena da»

Ttipi-Ttapa 2016ko abu. 3a, 09:00

Ramon Albistur da Berako antzezlan herrikoieko zuzendari artistikoa.

Ramon ALBISTUR

Barru-barrutik, «arimatik» datorkio Ramon Albisturri antzer­kirako afizioa «txikitatik maite nituen aunitz pailazo eta txotxongiloak. Pentsa, umetan Lesakako lehengusuekin osatua genuen gure troupea». Umetan afizioz hasi eta bizitzak berak eraman du oholtza gainera; irudimena aske utzi eta gozatzera eta baita besteei gozatzen erakustera ere. Hamaika proiektutan parte hartu du eta bertzeak bertze, Uhartean adierazpen eta clown antzerki eskolako sortzaile eta zuzendarietako bat da.

Aurtengo otsailean ekin zion proiektu berriari: Beran herri antzerki bat osatzeari. Berako Euskara eta Kultura Batzordea, Bortzirietako Euskara Mankomunitatearekin elkarlanean antzezlan herrikoia osatzen ari da eta Ramon da zuzendari artistikoa. Errepublika garaia hartuko du abiapuntutzat antzezlanak eta gaur arteko historia aztertuko dute eta «horretara iristeko oroimen tailerrak eta antzerki tailerrak lantzen ari gara».

Oroimenaren garrantziaz

Gerra garaia dute hizpide eta ez da ahantzi behar «gerrako zauriak oraindik ez direla sendatu. Artearen bidez lagundu dezakegu, oroimena landu eta zauriak sendatzen». Izan ere, artearen helburua «pentsaraztea da.  Alde batean ez lerrokatzea. Islatzea zer gertatzen den eta zer geratu izan den. Gure buruari galdetzea non gauden eta zer nahi dugun».

Dokumentazio lanerako historialarien laguntza izaten ari dira, baina, era berean garrantzitsua da oso oroimen tailerretan bilduko dutena  «gaiaz solastu eta bizipen desberdinak biltzea da asmoa. Jendea bertaratu eta gerra garaiko, aspaldiko eta baita azken hamarkadetako kontatzea ere». Beralandetan biltzen dira hileroko lehen eta hirugarren ortzegunetan eta «jendea parte hartzera animatu nahi genuke. Bertzeekin elkarbanatu, bertzeena entzun... errealitate eta ikuspegi desberdinak bildu». Horrekin, «zauriak sendatuz. Helburua askatasuna da, pertsona bakoitza independiente izatea. Bertzeen tokian ere jarri eta norbere buruaren jabe izatea».

 Espazio irekia

Horrekin batera, adierazpen artistikoen tailerra ere martxan jarri dute. Adin mugarik gabe, «haur zein helduek elkarrekin egin dezakegu lana. Edonork hark dezake parte, adierazpenerako gogoa izatea eta euskara ezagutzea da baldintza bakarra. Espresio tailer bat izanen da, espazio ireki bat». Bi tailer horien emaitza izanen da gero herri-antzerkia.

Besten inguruan galdetuta, ez dela oso zalea erran digu «ez naiz oso tradizionalista zentzu horretan. Tradizioaren izenean mantentzen diren zenbait kontu ez dira zentzudunak, tradizioak noiztik dira tradizio?». Argi dago, Ramon erosoago sentitzen dela arimak agintzen duen oholtza gainean

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun