Herrietako bestetako kontuak

«Jende helduarentzako edo baserri ingurukoentzat zerbait falta da bestetan»

Ttipi-Ttapa 2016ko abu. 2a, 10:53

Andrea Gouraud (eskuinean) Nerea Fagoagarekin. Elkarrekin Berako bestetako egitarauaren azal lehiaketa irabazi dute.

Andrea GOURAUD  -  Berako gaztea

«Geldirik egoten ez dakien neska bat naiz, denetarik probatu behar duena. Denbora luzez gauza berdinak egiten aspertu egiten naiz». Honela aurkeztu digu Andrea Gouraudek bere burua. Bere ekintzak dira horren lekuko, 28 urterekin, gauza aunitz probatutakoa baita: «maratoi erdietan ibili naiz, orain bizikletan, balleta egin dut, dantza, pintura...». Baina denaren gainetik argi du «mendia sakratua» dela beretzat, eta hala, «egunero, lanera etorri baino lehen, zakurrekin mendira joaten naiz». Kirolaz gain, zakurrak dira bere bertze pasio haundietako bat: «aunitz maite ditut». Eta kalekumea izanagatik baserria ere atsegin du: «baserri zahar bat errentan hartzeko aukera izan genuenean, harat joan ginen orain hamaika urte, eta han segitzen dugu». Azaldu digunez, «baserri batean sei hilabetez segidan ikasten aritu nintzen. Behi bat banuen, baina ez nuen ez astirik eta ez dirurik ere. Orain bi ditugu eta sei behira arteko topea jarri dugu». Lana dela onartu digu, baina «gustatzen zaigu», dio: «baserrian ez dago iganderik, baina bertze lasaitasun bat da». Hala ere, ihesaldiak egitea gustuko du: «urtero hiru aste hartzen ditut atzerrira joateko, mendira normalean». Kolonbia, Nepal, Costa Rica, Peru... bisitatuak ditu eta aurten Indiara joan nahi du.

Azal lehiaketan irabazle

Berako bestetako egitarauaren azal lehiaketa irabazi du aurten Andreak, Nerea Fagoagarekin batera. Arte Ederrak ikasi zituen Andreak eta Nereak diseinua: «bien artean moldatzen gara», aipatu digu.  Azalean «denentzako zerbait» egiten saiatu direla kontatu digu, «ez genuelako ekintza bakarra azaltzea nahi»: «bortz erreldo ditu azalak, bestetan garrantzia duten bortz ekintza desberdin ageri dira. Goian, haurrek horrenbertze erabiltzen duten kukaña ageri da, gero gizonezko dantzarien hanketako zintzarriak, hirugarren erreldoan bestetako blusa, laugarrenean emakumeen aurreskuko soinekoa eta bosgarrenean udaletxeko arkupeak». Lehiaketa hau irabazi duten lehenbiziko aldia bada ere, lehen ere aurkeztu izan da Andrea: «Beran hirugarren urtea dut eta Nerea eta biok egin dugun lehenbiziko urtea da».

Bertzalde, aitzineko agintaldian kultur zinegotzi izan zen Andrea, eta «bestak ongi ateratzeko kontrolatzen» pasatu omen zituen. Aurten, berriz, lasaiagoak izatea espero du: «zinegotzia izanda, bestak aunitz aldatzen dira, kanpotik dena aisa ikusten da, baina ez da xamurra izaten».

Bestetatik «txupinazo eguneko goiza» du gustukoena: «lehenago kuadrillako bazkaria egiten genuen. Orain aunitz kanpoan daude eta zaila izandu da elkartzea, baina egunik politena hori da. Asteburuan ez da herriko giroa izaten, frantses sobera izaten da...». Gainerakoan, bakillak ere maite dituela erran digu, baina dantza saioa ez. Eta bestek zerbait falta dutela ere adierazi digu: «jende helduarentzako edo baserri inguruko jendearentzat zerbait falta da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun