Eskualdeko 18 erraldoi bildu dira Berako Topaketan

Ttipi-Ttapa 2016ko abu. 1a, 08:19
18 erraldoi, beraien konpartsa eta musikariekin, Altzateko plazan

Beratik eta Elizondotik launa eta Doneztebe, Sunbilla, Igantzi, Etxalar eta Lesakatik bina

Igande goiza hezea eta langarrarekin hasi bazen ere, Bidasoaldeko erraldoiek horri aurre egin eta Eztegara pilotalekuko babesertik Beran barna bere ibilbidea egin zuten, Berako erraldoien konpartsak, Berako Udalak eta Berako Kultur Batzordeak Gure Txokoa elkartea, Larogoxo harategia, Xuga ostatua, Manuel Taberna edariak eta Sarobe gozotegiaren laguntzaz antolatutako erraldoien topaketan. Eskualdeko konpartsak bildu ziren, denera 18 erraldoi: Elizondo (4), Doneztebe (2), Sunbilla (2), Igantzi (2), Etxalar (2), Lesaka (2) eta Berakoak (4). Azkenean, eguraldia zertxobait altxatzea ere lortu zuten.

 

Erraldoiek, noski, bere musikariak ere behar dituzte eta lan horretan aritu ziren Berako musika banda, Berako txistulariak, Ezpelur gaiteroak, Baztango gaitariak, Lesakako gaiteroak, Elizondoko gaiteroak eta Bortzirietako gaiteroak. Karrika dantzak, balsak, mambo, jotak eta bertze zenbait pieza jo zituzten.

Eztegara pilotalekutik abiatu eta Eztegara pasealekua, Kanttonberri karrika, Legia karrika, Bidasoa karrika, Eztegara pasealekua, Julio Caro Baroja pasealekua, Uraldea karrika eta Altzate karrikan barna ibili ziren, Altzateko plazara ailegatuz. Ibilbidean zehar bortz geldialdi egin zituzten: Herriko Etxeko Plazan (Lesakako eta Berako erraldoiei dantzatu zuten), Eztegara pasealekua (Igantzi eta Sunbilla), Julio Caro Baroja pasealekua (Elizondo eta Doneztebe), Altzate karrika (Etxalar) eta Altzateko plaza (emanaldi nagusia eta Agurra). Aipagarria izan da Etxalarko bikotearen maitasun adierazpena.

Agurraren ondotik kalejiran joan ziren Eztegara pilotalekuraino erraldoiak altxatzera.

Erlazionatuak

Erraldoi Topaketa Beran

Ttipi-Ttapa 2016 abu 01 Bortziriak   Bera

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun