Udaberriko besten balorazio ona egin du Igantziko Euskara Batzordeak

Ttipi-Ttapa 2016ko mai. 25a, 10:30
Herritarrek borondatez utzitako puskei esker, 2.790,85 euro garbi atera ziren igandeko merkatuan.

Igandeko merkatuan 2.790,85 euro garbi atera ziren

Aurtengo Udaberriko Bestak joan dira, eta herriko euskara batzordeak balorazioa egin du. Oro har antolatutako ekitaldi guztiak baloratu ditu modu positiboan, eta azpimarratzekoa izan da guztietan izan den parte hartzea.

 

Ortziralean eta larunbatean eguraldiak lagundu bazuen ere, igandean ez zen hala izan. Egun horretan izan zen merkatua, eta haizeak eta euriak jarritako traben gainetik, batzordeak balorazio bikaina egin du, helburuak aisa gainditu baitira. Merkatuan 2.790,85 euro garbi atera ziren. Hasieratik erran bezala, irabazi horiek banatu eginen dira: erdia eskolako emozio hezkuntzaren proiekturako izanen da, eta bertze erdia auzotako errotulazioaren proiektua akautzeko erabiliko da. Izan ere, azken hilabeteotan auzo gehienetan berritu dira 1999an paratutako panelak, baina oraindik jartzekoak dira herriko eta Berrizaungo panelak, berri-berritik egin behar baitira.

Euskara batzordeak zinez eskertu nahi ditu merkatuan hain emaitza onak izatea erraztu duten guztiak: Alde batetik merkaturako puskak eman dituzten herritarrak. Etxean zokoratuak zituzten puskak emateaz gainera, aunitzek baratzeko edo baserriko produkturik freskoenak eman dituzte, kontserbak, sendabelarrak, gaztak, merkaturako espresuki egindako postreak eta janariak…

Bertzetik, Merkatua ezin izanen zen aitzinera atera bakarrik euskara batzordeko kideen lanarekin. Horregatik, zinez eskertzekoa da aitzineko egunetan baina bereziki egun berean bertan merkatua prestatzen eta biltzen nahiz saltzen parte hartu zuten herritar guztien laguntza. Horrez gain, batzordeak bereziki aipatu nahi du opilak egiten aritu zen taldea, eskatu aldiro parte hartzeko prest izaten baita.

Azkenik, ezin ahantzi egun osoan bertan ibili ziren erosleak. Eguraldi txarra izanagatik, bertara etorri zirenek erruz egin zituzten erosketak, eta horiei esker lortu da hainbertzeko irabazia.

Bertzalde, egunean zehar bi zozketa egin ziren. Batean, La Villa ostatuan bi lagunentzako otordua zozketatu zen, eta hori Pili Iturbideri tokatu zitzaion (115 zenbakia). Bertzean, Irrisarri Landen bi lagunentzako SuperEmoziona sarrerak zozketatu ziren, eta Josetxo Arburua izan zen saritua (58 zenbakia). La Villa ostatuari eta Irrisarri Landi ere eskerrak eman nahi dizkio batzordeak, sariak emateagatik.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun