Joseba Larralde beratarra nagusitu da Arantzako I. Mendi Lasterketan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko mai. 16a, 10:13
Gizonezkoen podiuma Arantzako Mendi lasterketan.

119 korrikalarik osatu zuten 16,7 kilometroko ibilbide gogorra eta emakumezkoetan, Aitziber Ibarbia zizurkildarra gailendu zen

Berako Joseba Larralde Altzugarai beratarra nagusitu zen larunbatean Ekaitza elkarteak eta Arantzako Udalak lehen aldiz antolatutako Arantzako Mendi Lasterketan. 16,7 kilometro luze eta 1.200 metroko desnibel gogorreko ibilbidea (Arantzatik abiatu eta Illurdi, Ekaitza eta Ibintza igo behar izan zituzten), euripean egiteko ordubete, 26 minutu eta 30 segundo behar izan zituen. Urretxuko Aritz Egea izan zen bigarren (1:27:02) eta Daniel Iparragirre aranztarra hirugarren (1:33:11). Emakumezkoetan Zizurkilgo Aitziber Ibarbia nagusitu zen. Denera, 119 korrikalari helmugaratu ziren, 101 gizonezko eta 18 emakume. Ikusi sailkapen osoa

 

Gizonezkoetan, hogei lehenbizikoetan eskualdeko gehiago ere izan ziren. Elizondoko Iñaki Telletxea bosgarren izan zen (1:36:11), Lesakako Xabier Maritxalar zazpigarren (1:36:56), Berako Angeltxo Aranibar zortzigarren (1:37:08), Lesakako Agoitz Altzugarai bederatzigarren (1:37:38), Imanol Lukanbio aranztarra hamargarren (1:38:12), Xuban Eugi baztandarra hamahirugarren (1.44:14), Gaizka Otxandorena baztandarra hamabosgarren (1:46:11) eta Dani Etxeberria baztandarra hemezortzigarren (1:47:44).

Emakumezkoetan, lasterketa bukatu zuten 18 emakumeen artean, podiumeko hiru koxkak gipuzkoarrentzat izan ziren. Zizurkilgo Aitziber Ibarbia izan zen bizkorrena (1:49:38), Zaldibiko Laida Elizegi bigarren (1:50:09) eta Eguzkiñe Intxaurbe donostiarra hirugarren (1:58:25). Jone Zelaieta beratarra laugarren izan zen (2:01:23), Marina Vicente baztandarra bosgarren (2:02:04), Ana Reina lesakarra hamargarren (2:16:53), Lourdes Mitxelena lesakarra hamahirugarren (2:23:58) eta 14., 15 eta 16. postuan elkarrekin helmugaratu ziren Sunbillako Ana Gomes eta Azucena Carro eta Lesakako Leire Portu (2:35:11).

Gizonezko nahiz emakumezkoetan, hiru lehenbizikoek 120 euro, 80 euro eta 50 euro eskuratu zituzten. Txapelak ere izan ziren irabazleentzat. Ekaitzeko tontorretik pasatzen zen lehenbiziko korrikalari bortziritarrarentzat Xabier Zubieta saria ere eman zen, duela 9 urte mendian hildako herriko mendigoizalearen omenez. Joseba Larralde bera izan zen lehenbizikoa eta saria jaso zuen, Aimar eta Lorea Zubieta Larretxea, Xabier Zubietaren seme-alaben eskutik. Txapeldunen sariak ere Aimar eta Loreak banatu zituzten, txapeldunordeenak Julen Oskoz Ekaitza elkarteko lehendakariak eta hirugarrena Igor Ugalde udal zinegotziak.

  

Mendi Itzulia eta gehiago

Larunbateko mendi lasterketa ez zen mendiarekin lotutako ekitaldi bakarra izan asteburuan Arantzan. Ortziralean Benan mendia arnas dokumentala eskaini zuten eta larunbat arratsaldean, solasaldia eskaini zuten Oihana Kortazar eta lasterketan bigarren izan zen Aritz Egeak. Haurrendako jolasak eta kontzertuak ere izan ziren.

Igandean, azkenik, 359 mendizalek parte hartu zuten Arantzako Itzuliko zortzigarren edizioan. Hauek ere, eguraldi hezea izan zuten goizeko lehen orduetan, baina pixkanaka eguzkia gailendu zen eta 26 kilometroko ibilbidea osatu zuten, Arantzako mendi zirkua osatuz: Izu, Ibintza, Ekaitza, Mendieder, Illurdi,Mendaur (aukeran), Zepuru eta Bulatxiki mendietatik ibilbide zirkularra izan zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun