Nazioarteko musika ekarri du Emusik jaialdiak Bera eta Lesakara

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko mai. 9a, 09:29

Musikari guztiak elkarrekin, Harriondoako emanaldiaren bukaeran.

Bertako Musika Eskolakoekin batera, Alemania, Herbehereak, Austria eta Valentziakoek parte hartu dute

Atzerriko hainbat musika eskolekin batera parte hartu dute Berako Isidoro Fagoaga Udal Musika Eskolak eta Lesakako Musika Eskolak EMUSIK 2016 jaialdiaren baitan. XII. aldiz egiten ari den Europako Musika Eskolen Jaialdia da EMUSIK eta horren barne eginen diren ekintzen artean, bi kontzertu eman dituzte Beran eta Lesakan, maiatzaren 6 eta 7an. 

 

Maiatzaren 6an, ortziral arratsaldean Toki Onako patioan egin zen kontzertuan Berako Musika Eskolakoekin batera, Alemaniako Orchestra Musikschule Sächsische Schweiz E.V. (Pirna/Saxchsen), Herbeheretako Ensemble Harp Music Style Jazz BplusC (Leiden), Austriako Band Jazz Musikschule der Stadtgemeinde Weiz (Weiz/Steiermark) eta Valentziako Carcaixent hiriko Banda juvenil L’Escola de Música de la Societat Musical Lira Casino Carcaixentí Musika Eskolek parte hartu zuten. Berako Musika Eskolako ikasleekin batera, Berako Abesbatzak eta herriko Bandak ere parte hartu zuten. Gainerakoan, Alemaniatik 40 musikariko orkestra etorri zen, Austriatik jazz-band talde bat, Herbehereetatik harpa jo zuen jazz-taldea eta Valentziatik 28 musikari gazteko taldea.

Biharamunean,  larunbat goizean talde hauek Lesakako Harriondoa Kultur Etxean eskaini zuten emanaldia, herriko musika eskolakoekin batera.

Bertzalde, maiatzaren 6an, ortziral goizez, Berako eta Lesakako Musika Eskolakoek Donostiako Ilunbe Aretoan egin zen kontzertuan parte hartu zuten. ETBk grabatu du emanaldi hori eta maiatzaren 14an emitituko du, ETB1en, larunbatean 22:00etan.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun