Maiatzaren 6an, ortziralean, 17:00etatik 20:00etara Toki Onako patioan eginen den doako kontzertuan Berako Musika Eskolakoekin batera, Alemaniako Orchestra Musikschule Sächsische Schweiz E.V. (Pirna/Saxchsen), Herbeheretako Ensemble Harp Music Style Jazz BplusC (Leiden), Austriako Band Jazz Musikschule der Stadtgemeinde Weiz (Weiz/Steiermark) eta Valentziako Carcaixent hiriko Banda juvenil L’Escola de Música de la Societat Musical Lira Casino Carcaixentí Musika Eskolek parte hartuko dute. Aipatzekoa da, Berako Musika Eskolako ikasleekin batera, Berako Abesbatzak eta herriko Bandak ere parte hartuko dutela. Gainerakoan, Alemaniatik 40 musikariko orkestra etorriko da, Austriatik jazz-band talde bat, Herbehereetatik harpa joko duen jazz-taldea eta Valentziatik 28 musikari gazteko taldea. Euria eginez gero, Altzateko frontoian eginen dute emanaldia.
Biharamunean, berriz, larunbatean 11:00etan, talde hauek Lesakako Harriondoa Kultur Etxean eskainiko dute emanaldia, herriko musika eskolakoekin.
Aunitz dira EMUSIKen baitan parte hartuko duten musika eskolak. Gipuzkoa, Nafarroa eta Bizkaiko musika eskolekin batera, Bulgaria, Txekiar Errepublika, Danimarka, Estonia, Finlandia, Frantzia, Espainia, Herrialde Katalanak, Alemania, Hungaria, Italia, Letonia, Liechtenstein, Luxenburgo, Norvegia, Austria, Polonia, Eslovakia, Suitza, Suedia eta Herbehereetatik etorritakoak ariko dira.
Bertzalde, maiatzaren 6an, goizez, Berako eta Lesakako Musika Eskolakoek Donostiako Ilunbe Aretoan eginen den kontzertuan parte hartuko dute. ETBk grabatuko du emanaldi hori eta maiatzaren 14an emitituko du, ETB1en, 22:00etan.