Bidasoko Lehenbizikoa Pedro Iglesias irundarrak arrantzatu du maiatzaren 1ean

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko mai. 2a, 08:53

Isabel Elizalde Ingurumen kontseilaria, Jose Mari Gainza, Pedro Iglesias Lehenbizikoarekin eta Lorenzo Jaurena, Berako Ehiza eta Arrantza Elkarteko presidentea.

2,250 kilo eta 65 zentimetroko izokin basatia zen, markarik gabekoa

Maiatzaren 1ean ireki zen arrantza denboraldia eta aurten goiz berean atera dute Bidasoko Lehenbizikoa. Irungo Pedro Iglesias Gomezek arrantzatu zuen.  Izokinak ez zuen markarik, beraz basatia zen eta hori errekaren egoera onaren erakusgarri dela diote adituek. 2.250 gramo pisatzen zuen (iazko Lehenbizikoaren erdia) eta 65 centimetro luze zituen. Maiatzaren 1ean, igande goizeko 10etan atera zuen Villanueva inguruan, kutxarilla erabilita.

 

Lehendik ere arrantzatuak zituen izokinak 56 urteko arrantzale irundarrak, baina sekula ere ez denboraldiko lehenbizikoa. «Endarlatsako zubi ingurua jendez eta arrantzalez betea zegoela ikusi dut eta goitixeago joan naiz, Villanueva ingurura. Normalean nere anaia bixkiarekin arrantzatzen dut, baina aurten bakarrik etorri naiz eta suerte hori izan dut» zioen, kontent eta aldi berean urduri Pedro Iglesiasek.

Aurten, Iruñeko Maissonave hotelak 1.700 euro ordaindu dizkio Lehenbizikoarengatik, Bidasoan saltzen ahal den izokin bakarrarengatik. Beharrezko neurriak eta datuak hartu ondotik, Berako Ehiza eta Arrantza Elkartearen izenean Lorenzo Jaurena presidenteak eta Jose Mari Gainza Peñak eman zioten oroigarria, zapela, txalekoa eta elkartearen kamixeta. Jose Mari Gainza Peña, bere izen bera zuen Jose Mari Gainza Elgorriaga zenaren semea da. Aitak, Bidasoa ederki ezagutzen zuen eta bertako datuak biltzen zituen xuxen-xuxen (zenbat izokin arrantzatzen ziren sasoi bakoitzean, nork arrantzatu zituen, pisua, neurria…). Aurten, martxoaren 2an hil zen, 84 urte zituela. Isabel Elizalde, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuko kontseilaria ere Endarlatsa inguruan ibili zen maiatzaren 1ean.

Behin Bidasoko izokin denboraldia irekita, 81. alea ateratzerakoan edo uztailaren 31n itxiko da sasoia. Amuarrain arrantza denboraldia, berriz, ekainaren 30a arte dago irekia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun