IrriSarri Landek bere udalekuak aurkeztu ditu

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko api. 18a, 08:28
Lolo Carrillo Irrisarri Landeko zuzendaria eta udalekuen arduradun izanen den Mikel Ibarrola, Baxi maskotarekin.

Igantziko Parkeak jarduera hau zuzenean antolatu duen lehen aldia da

Hainbat entitate publikok zein pribatuk kanpamentuak eta txangoak antolatu izan dituzte gurean, eta Igantziko Irrisarri Land-ek ere ludotekak antolatu izan ditu oporraldietan; bada, horrek emaniko esperientziaz baliatuta, aurten IrriSarri 8 eta 16 urte arteko haur eta gazteendako udalekuak antolatuko dira.   

 

Egonaldiak seina eguneko txandetan eginen dira (igandetik ortziralera), eta tematikoak dira, neska-mutilek hainbat teknika eta trebetasun ikas ditzaten beren interesen arabera. Honatx zer gai landuko diren: multiabentura, mitologia, IrriSarri Chef, ekitazioa, bike, zinema eta teknologia. Baina horrez gain, resortak eskaintzen dituen gainerako jarduerez ere gozatuko dute: tirolinak, zuhaitz-ibilbideak, bizikleta, segway, laser tag, zaldia, arku-tiroa, discgolf, zentzumenen ibilbidea, ibilbide mitologikoa, Ikaztegia-Egur ikatzaren Museoa, baratze ekologikoa, IrriSarri Express turismo trena, uretako jolasak ..... Gainera, hainbat irteera antolatuko dira ingurunea ezagutzeko, bai eta gaueko jarduera batzuk ere.

Aukeran egonen da udalekua gaztelaniaz, euskaraz edo elebitan egitea.

Udalekuen arduradunek eskarmentu handia dute horrelako jardueren antolaketan, eta txandak adinaren arabera bereiztea erabaki dute, neska-mutil guztien integrazioa eta parte-hartzea sustatzeko, eta era berean, jarduerak adin-talde bakoitzaren interesetara hobeki egokitzeko. Lehen txanda uztailaren 3an hasiko da, eta azkena, berriz, abuztuaren 21etik 26ra eginen da.

IrriSarri Landek bere programaren bitartez lortu nahi duen helburu nagusia da gaztearen garapen pertsonala ahalbidetzea denbora librearen arloan, eta horretarako, behar diren baliabideak jarriko ditu haren eskura, jarduerak aukeratu eta antola ditzan, betiere ikuspuntu sortzaile eta positibo batetik, tolerantzia, elkartasuna, lankidetza  eta elkarrizketa sustatuz, oso egokiak baitira parte-hartze aktibo eta kritikorako, hori guztia elkar hartuta eta talde-lanean, kultura eta naturan kirola egitea programaren oinarri direla.

Horretarako, monitore talde egonkorra dauka eskura, guztiak ere behar bezalako prestakuntzaren eta esperientziaren jabeak, neska-mutilei arreta emateko.

Parte-hartzaileek parkean bertan hartuko dute osatu; beraz, ez da joan-etorririk egin beharko. Horretarako, resortak 220 leku ditu; 76 leku IrriSarri Land aterpetxean, eta 144 leku, Irisarryko Behatokian, hau da, aurten estreinatutako erabilera anitzeko eraikinean.

Otorduak Jolastokiko tabernan eginen dira, eta platerak bertako sukaldean prestatuko dira zuzenean, bertako baratzean berean lantzen diren produktuak aprobetxatzen saiatzeko, eta adin horietako berezko beharrak asetzeko, bai eta zenbait haurrek izan ditzaketen berezitasunak asetzeko ere.

Iaz, 300etik gora haurrek parte hartu zuten parkean egindako kanpamentuetan. 

Erlazionatuak

Mikel Ibarrola-Jarduerak

Xorroxin irratia 2016 api 18 Bortziriak   Igantzi

Lolo Karrillo-Adinak

Xorroxin irratia 2016 api 18 Bortziriak   Igantzi

Mikel Ibarrola-lantaldeari buruz

Xorroxin irratia 2016 api 18 Bortziriak   Igantzi

Mikel Ibarrola-prezioa

Xorroxin irratia 2016 api 18 Bortziriak   Igantzi

Lolo Karrillo-Izena eman

Xorroxin irratia 2016 api 18 Bortziriak   Igantzi

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun