430 kirolari atera ziren Igantziko Gladiator’s Day lasterketa berezian

Ttipi-Ttapa 2016ko mar. 14a, 09:17
Bakarka ez ezik, taldeka ere egin zuten proba eta horretan, elkar laguntzea garrantzitsua zen.

Irrisarri Landen egindako 7 kilometroko ibilaldian 25 oztopo gainditu behar izan zituzten

Martxoaren 13an egin zuten Igantziko Irrisarri Land-en Gladiator's Day lasterketa berezi eta gogorraren bigarren edizioa. Denera 430 kirolari bildu ziren, joan den urteko lehen edizioko kopurua ia hirukoiztuz. 7 kilometroko ibilbidean 25 oztopo gainditu behar izan zituzten kirolariek.

 

Oztopo horien artean, sokarekin eskalada, gurpil garraioa, lohi gainean jarritako enborrak, lohian arrastaka ibili alanbre azpitik, zubi tibetarra, soka eta sareak igo, kamioiak eta bertze oztopoak gainditu…Tartean, memoria ere landu behar izan zuten, beraien dortsalaren arabera buruz ikasitako kodigo bat errepikatu behar izan baitzuten probaren bukaera aldera.

Joan den urtean ere lasterketa egin zutenek bat zetozen aurtengoa hagitzez gogorragoa izan dela azpimarratzerakoan, baina heldu den urtean berriz ere errepikatzeko gogoz zeuden.

Elite mailan Alejandro Remón Ochoa nagusitu zen (37:53) eta Jose Maria Resanok (38:20) eta Aitor Condek (39:27) osatu zuten podiuma. Emakumezkoetan, Marta Moreno izan zen bizkorrena (51:57), Silvia Lopez (55:42) eta Eider Lopezen aitzinetik (57:03).

Elite mailako probaz gain, enpresen arteko lehiaketa ere jokatu zuten, taldekakoa eta open lasterketa. Honetan, Endika Fonturbel izan zen bizkorrena (42:46), Josu Fernandez bigarren (47:18) eta Alain Cortés hirugarren (47:22). Emakumezkoetan Marian Rivero izan zen bizkorrena (1h.04:51), Maribel Rojas bigarren (1h.07:39) eta Andrea Ibañez hirugarren (1h.11:18).

Erlazionatuak

Gladiator's day 2016

Ttipi-Ttapa 2016 mar 14 Bortziriak   Igantzi

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun