Lan Gaua Kontrabandisten Ibilaldi gidatua eginen dute martxoaren 19an Arantzan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko mar. 9a, 08:07
Xanti Elizagoien etxalartarra, Josetxo Taberna aranztarra eta Bidasoko Kontrabandistak elkarteko Mikel Albisu, martxoaren 19an gauez eginen duten ibilbidea begiratzen.

Laugarren edizioa izanen da, Bidasoko Kontrabandisten Bidea elkarteak antolatuta eta martxoaren 10etik 17ra eman daiteke izena

Etxalar, Oiartzun eta Erratzun egin ondotik, aurten Arantzan izanen da Lan Gaua, Bidasoko Kontrabandistak (KB) elkartearen ekimenez, martxoaren 19an. Ibilaldi gidatu hau, 8 kilometrokoa, gauez eginen da eta Zapuru mendi inguruan burutuko da. Garai batean kontrabandoan ibili ziren bi lagun izanen dira gidari, Josetxo Taberna aranaztarra eta Xanti Elizagoien etxalartarra. 

 

Ibilbidean zehar eginen diren geldialdi laburretan, kontrabando denborako testigantzak, istorioak eta pasadizoak kontatuko dituzte. Arratseko 8etan elkartu, mokadutxo bat jan, (norberak etxetik ekarri dezake janaria) eta ondotik, 20:30 aldera abiatu eta hiru ordu inguruko iraupena duen txangoa eginen dute. Norberak bere linterna ekarri behar du eta mendiko arropa. Parte hartu nahi dutenek, izen-ematea Aterpen edo info@baztan-bidasoa.com helbide elektronikoan egin behar dute martxoaren 10etik 17ra bitartean eta inskripzioa, 3 eurokoa izanen da, aseguruaren gastua ordaintzeko. Informazio gehiago 659 477 396 telefonoan.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun