1950-70 urteen artean ehundaka emakume izan ziren urte luzez euren familia eta etxeetatik urrun, neskato modura lanean ibili zirenak. Jon Abrilen amatxi izan zen horietako bat, «etxean aditutako kontuetatik» tiraka hasi eta «bizipen horiek biltzeko tenorea» iritsita Neskatoak dokumentala grabatu du bertako emakumeen bizipenekin. Berdintasun Batzordetik aipatu dutenez, «gure inguruan artzain, baso-mutil edo arrantzale moduan joan ziren gizonezkoei buruz solastu da gehien bat, eta orain emakume hauen lana gogoratu eta errekonozitu nahi dugu, genero ikuspegi batetik». Dokumentalaren estreinaldian, aipatu bezala, Jon Abril egilea bera eta ikusentzunekoan parte hartu duten emakumeak egon dira.
Beran ez ezik, martxoaren 12an Arantzako baskulan ere aurkeztuko dute dokumentala, larunbatean 19:30ean. Aitzinetik, martxoaren 8an Hondarribian ere emanen dute eta ondotik, martxoaren 16an Donostian, martxoaren 18an Ataunen, martxoaren 23an Etxalarren eta apirilaren 16an Zugarramurdin.