Haziaren Eguna ospatuko dute martxoaren 5ean Beran

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko martxoaren 2a

Haziak eta ezagutzak elkartrukatzeko mahaia paratuko dute aurten ere.

Haziak trukatzeko eta ezagutzak elkarbanatzeko mahaia jarriko da Rikardo Baroja eskolako idorpean eta gero bazkaria eginen dute norberak eramandakoarekin

Bidasoko Hazien Sareak antolatutako Haziaren Eguna bi saiotan eginen dute aurten.  Lehenbizikoa Erratzun egin zuten otsailaren 27an eta bigarrena Beran izanen da martxoaren 5ean. Larunbatean 10:30ean hasiko da Rikardo Baroja eskolako idorpean. 

 

Han mahai batzuk izanen dira, ekartzen diren haziak paratzeko, eta noski, han direnak nahi dituenak hartzeko. Mahai horien inguruan, hazi bakoitzari buruzko ezagutzak elkarbanatuko dituzte: Nondik lortuak diren, noiztik egiten dituzten, horietatik sor­tzen diren landareak nolakoak diren, zein berezitasun dituzten... Hamaiketakoa egiteko aukera izanen dute, etxe­ko artoa eta barazkiak baliatuz prestatutako janariak izanen baitituzte.

Eguerdi aldera Solasaldi Irekia ere eginen dute. Bakoitzak zer ikasi edo zeri buruz mintzatu nahi duen erran ahal izanen du, eta gai horien arabera taldetan bildu eta arituko dira.

Besta borobiltzeko, bazkaria eginen dute: Norberak etxean prestatutako ilarrak eta barazkiak ongi etorriak izanen dira, eta antolatzaileek prestatutakoarekin batean, bazkari eder bat osatzea espero dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun