‘Irakurketa instant batean’ argazki lehiaketa antolatu dute Beran

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko ots. 29a, 10:24

Irakurzaletasuna islatzen duten argazkiak aurkeztu behar dira.

Liburuaren Eguna hurbiltzen ari dela-eta, irakurketa islatzen duten argazkiak aurkeztu beharko dira apirilaren 14ra arte

Liburuaren Eguna hurbiltzen ari dela-eta, Berako Herri Liburutegiak eta Berako Kultur Batzordeak ‘Irakurketa instant batean’ argazki lehiaketa berria antolatu dute aurten. Gaia, irakurzaletasuna bizitzaren egunerokotasunean izanen da eta lanak apirilaren 14ra arte entregatu ahal izanen dira.

 

Honela, irakurketa edozein euskarritan islatzen duten argazkiak (liburuak, aldizkariak, egunkariak, e-bookak…), edozein ingurunetan (mendian, baserrian, hondartzan, autobusean, komunean, sukaldean…) eta edozein adinetan (haurrak, nerabeak, helduak, adinekoak…) aurkez daitezke, irakurtzeko grina edo norberaren garapenean liburuek duten eragina erakusten duten argazkiak.

Lanak koloretan eta xuri-beltzean entregatu ahalko dira, baita, nahi izanez gero, irudiak digitalki tratatu ahal izanen dira. Lehiaketaren gaia islatzea, originaltasuna, irudimena, sormena eta kalitate teknikoa baloratuko dira. Argazkiak jpg formatuan bakarrik onartuko dira, ez dira onartuko bertzelako euskarritan entregatutakoak. Argazki bakoitzaren gehienezko edukiera 3 Mbkoa izanen da eta erresoluzio minimoa 2000x1500 pixelekoa.

Lehiaketan aurkeztuko diren lanak soilik ondoko helbide elektroniko honetara bidali ahalko dira: berakoagenda@gmail.com

Lehiakide bakoitzak, gehienez ere, hiru argazki aurkeztu ahal izanen ditu, argazki bakoitzeko mezu bakarra bidaliz. Parte-hartzaile batek hiru argazki baino gehiago aurkeztuko balitu, lehenbiziko hiruak onartuko ziren lehiaketan. Mezu bakoitzean egilearen datuak (goitizena, izen-abizenak, adina, etxeko telefonoa, sakelekoa eta e-posta) eta lanaren datuak (izenburua, deskribapena…) bidali behar dira. Lehiaketan parte hartuko duten adingabeek eta argazkietan agertzen diren adingabeek euren tutore edo gurasoen baimena izan beharko dute.

Lanak bidaltzeko epea apirilaren 14an, ortzegunarekin bukatuko da. Sari banaketa, berriz, apirilaren 22an, ortziralea, 17:30ean izanen da. Lehenbiziko saria e-book bat izanen da eta bigarrena liburu sorta bat.

Berako Herri Liburutegiak zein Berako Kultur Batzordeak jasotako argazkiak erabili ahal izanen ditu publizitate edo kultur promoziorako. Gisa berean, saridunen datu pertsonalak eta irudiak argitaratu ahalko dituzte komunikabideetan eta bi erakundeek kudeatutako web orri edo sare sozialetan.

Erlazionatuak

Irakurketa instant batean

Xorroxin irratia 2016 mar 03 Bortziriak   Bera

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun