Bortzirietako Berdintasun Batzordeak hainbat ekitaldi antolatu ditu Emakumearen Egunaren harira

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko ots. 29a, 08:30
Bortzirietako Berdintasun Batzordeko kideak, Emakumearen Egunaren inguruan antolatu diren ekintzen aurkezpenean.

Jon Abrilek zuzendutako Neskatoak dokumentalaren estreinaldia eskainiko dute martxoaren 6an Berako Kultur Etxean eta Aste Morea antolatu du Goldatz taldeak

Bortzirietako Berdintasun Batzordeak martxoren 8ko Emakume Langilearen Nazioarteko Egunaren harira egin beharreko ekitaldien berri eman du. Ekitaldi nagusia martxoaren 6an, Jon Abrilek zuzendutako Neskatoak dokumentalaren aurkezpena izanen da, igande arratsaldeko 7etan Berako Kultur Etxean.

 

1950-70 urteen artean ehundaka emakume izan ziren urte luzez euren familia eta etxeetatik urrun, neskato modura lanean ibili zirenak. Jon Abrilen amatxi izan zen horietako bat, «etxean aditutako kontuetatik» tiraka hasi eta «bizipen horiek biltzeko tenorea» iritsita Neskatoak dokumentala grabatu du bertako emakumeen bizipenekin. Berdintasun Batzordetik aipatu dutenez, «gure inguruan artzain, baso-mutil edo arrantzale moduan joan ziren gizonezkoei buruz solastu da gehien bat, eta orain emakume hauen lana gogoratu eta errekonozitu nahi dugu, genero ikuspegi batetik». Dokumentalaren estreinaldian, Jon Abril egilea bera eta ikusentzunekoan parte hartu duten emakumeak egonen dira.

Beran ez ezik, martxoaren 12an Arantzako baskulan ere aurkeztuko dute dokumentala 19:30ean.

Martxoaren 8an, Toki Ona institutuan kontzentrazioa deitu dute, 13:00etan.

 

Bortzirietako Emakumeen Mendi Itzulia

Bortzirietako Oinarrizko Jendarte Zerbitzuen Mankomunitateak antolatutako Bortzirietako Emakumeen VII. Mendi Itzulia Beran eginen da martxoaren 13an. 09:00etan Mukixu zubitik aterako dira; 13:00etan elkarretaratzea leku berean eta 14:00etan bazkaria Zalainen (Prezioa: 20 euro). Izen emateko azken eguna martxoaren 10a izanen da. Horretarako, 948 635036 telefonora deitu behar da. Berako Udalak, Toki Ona kiroldegiko dutxak erabiltzeko aukera eskainiko die partehartzaileei, 13:00etatik 14.00etara.

 

Goldatz Emakume Feminista Taldearen Aste Morea

Bertzetik, Berdintasun Batzordetik ezagutzera eman nahi izan dute Goldatz Berako Emakume Feministak Taldeak antolatu duen programa aberasgarria, ekitaldiaz betea. «Goldatz Taldeari ongi etorria eman nahi diogu –aipatu dute–, eta elkarren artean koordinatu gara egutegian ekitaldiak ez zapaltzeko. Bortziritarrentzat luxu bat, horrelako talde aktiboa edukitzea».

Martxoaren 4an, ortziralarekin, Pintxo-pote morea eginen dute. Martxoaren 5ean, larunbat arratsaldeko 5etan, zoru pelbikoari buruzko tailerra eginen dute Beralandetan. Martxoaren 8an, 20:00etan kontzentrazio zaratatsua Mukixu zubian. Martxoaren 11an, Susanaren iraultza antzezlana ikusgai izanen da 20:30ean Kataku ostatuan. Martxoaren 12an, larunbatean 14:00etan bertso bazkaria izanen da Zalain jatetxean Onintza Enbeita eta Nerea Elustondorekin. Ondotik, triki-poteoa herriko karriketan. Gauerditik aitzinera, DJ Rakaraka eta DJ Maikarmens Kataku ostatuan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun