Donato Larretxea nagusitu da Arria V.aren kontrako aizkora apustuan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko abe. 21a, 16:20

Donato Larretxea laguntzaile taldearekin gustura, apustua irabazi ondotik. Argazkia: Noticias de Gipuzkoa

Lehia ikusgarriaren ondotik, 56 segundo lehenago moztu zituen hogei kanaerdikoak Tolosako zezen plazan igandean egindako norgehiagokan

Emozioz betetako aizkora apustua eskaini zuten Donato Larretxeak eta Xabier Orbegozo Arria V.ak igande eguerdian Tolosan. Hogeina kanaerdikora egina zuten apostua, bakoitzak 12.000 euro jokatuz eta azkenean, minutu eskaseko aldearekin, Larretxeak irabaztea lortu zuen.

 

Berdintasun handiko apustua izan zen. Larretxeak enbor beratsagoak plazaratu zituen eta horiek mozten hasi zen. Arria V.ak, aldiz, gogorragoak eraman zituen eta honek ere horiei ekin zien. Honela, lehen bortz enborretan aldea lortu zuen Donatok (2 minutu eta 5 segundokoa bosgarrenean). Lehen erdiko bigarren zatian, ordea, Arria V. alde hori murrizten joan zen eta lan erdiak Donatok baino 11 segundo lehenago bukatu zituen gipuzkoarrak. Lehia estu-estua beraz.

Bigarren erdiaren hasiera enborrik beratsenekin segitu zuen Arriak eta aldea handitzen joan zen (bi minutu inguru aitzinetik zen 15. eta 16. Enborrean). Bazirudien Arriak lortuko zuela apustua irabaztea, baina lanean segitu zuen Larretxeak. 17. enborrean minutu eta 19 segundora murriztu zuen aldea, 18.ean 18 segundo bertzerik ez ziren eta azken aurreko enborra kasik minutu erdi aurretik moztu zuen Donatok, zaleen txalo eta animoen artean. Azkenean, 47 minutu eta 18 segundo behar izan zituen lanak bukatzeko Larretxeak eta 48 minutu eta 14 segundo Arriak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun