250 Hektarea erre ditu Igantzi eta Lesakako suteak

250 Hektarea erre ditu Igantzi eta Lesakako suteak
Nafarroako Gobernuko presidentea eta bi kontseilari hurbildu ziren Lesakara sutearen itzaltze lanetan zoriontzera.

Ehun lagun baino gehiago aritu dira itzaltze lanean, 40 ibilgailu, 2 helikoptero eta hegazkin bat barne

Larunbat arratsaldean piztu zen sute handi bat Igantziko Berrizaun aldean, itxuraz zuhaitz bat argindar kable baten gainean erorita. Horrek, Frain mendiaren Igantzi aldeko magala erabat kixkali zuen eta Lesaka aldera ere igaro zen larunbat gauean. Azkenean, igande eguerdi aldera kontrolpean zuten sutea, baina horretarako ehun lagun baino gehiago aritu behar izan zuen gogor lanean, Lesakako eta Berako suhiltzaile boluntarioekin batera, Nabaskoitze, Auritz, Altsasu, Tafalla, Lodosa, Lizarra eta Azkoiengoak, Oronoz eta Iruñeko profesionalak eta, igande goizean, Espainiako ejerzitoko Larrialdietako Unitatea ere joan baitziren.

 

Balantze egiterako orduan, Nafarroako Gobernuak aipatu du 250 Hektarea erre direla, sasiak eta zuhaiztiak barne. Zorionez, baserrietara ez zen surik ailegatu, nahiz eta badaezpada, larunbat gauean baserri inguruetan suhiltzaileen erretenak gelditu eta etxebizitzaren batetik bizilagunak atera.

Sua kontrolpean zegoela, balantzearen ordua ailegatu zen eta Lesakara joan ziren igande eguerdian Uxue Barkos, Nafarroako Gobernuko presidentea, Isabel Elizalde Ingurumen kontseilaria eta Maria Jose Beaumont barne kontseilaria, baina Jose Luis Etxegarai Lesakako alkatea eta zinegotziak eta Igantziko alkate ordea.

Uxue Barkosek itzaltze lanean erakutsitako eraginkortasuna eta efizientzia azpimarratu zituen, «lana seriotasunez eta  zorrotz egiten denaren seinale» eta lanean aritutako guztiak zoriondu nahi izan zituen.

Mari Jose Beaumont kontseilariak ere koordinazioa azpimarratu zuen eta Isabel Elizaldek gogora ekarri zuen 1989ko abenduaren 17an izandako sutea, leku beretsuan eta gisako baldintza metereologikoekin. «Egin den lana ikaragarria izan da –aipatu zuen– eta gizarteari lasaitasuna ematen dio  erakutsi duten formakuntzak eta profesionaltasunak».

Victor Rubio, Nafarroako Gobernuko suhiltzaileen arduradunak aipatu zuenez, «mendian gero eta azienda guttiago da eta hori nabari da larrez beteak eta zikin daudelako. Horreri, negu honetako eguraldia eta hego haize zakarra gehitzen badiogu, honelako suteak edozein lekutan gertatzen ahal dira».

TTIPI-TTAPA da Nafarroa Garaiko mendialdean dagoen euskarazko hamaboskari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aitzinera egiteko.


Izan zaitez harpidedun