Arantzako eskola zabaltzea eskatu dute Hezkuntza Departamentuan eta Parlamentuan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko abe. 18a, 07:30

Arantzako eskolak 100 urte bete zituen 2013an. Orain, handitze lanak premiazkoak ditu.

Eskolako eta udaleko ordezkariak Iruñean izan ziren abenduaren 15ean

Arantzako eskola ttiki gelditu zaie bertan ari diren ikasle eta irakasleei eta handitze premia azaltzeko, eskolako eta udaleko ordezkariak Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuan eta Parlamentuan izan ziren abenduaren 15ean.

 

Gaur egun 73 ikasle ditu Arantzako eskolak, iazko ikasturtean baino 9 gehiago. Aitor Elexpuru zuzendariak aipatu digunez, «eskolaren arazo handiena espazio falta da. Zazpi ikas talde edo unitate sei gelatan daude. Haur Hezkuntzako 4 eta 5 urteko 17 ikasleak elkarrekin daude, legez bikoiztuak egon beharko lirateke, baina ez dugu gelarik». Bikoizketak egiteko gelak eta ordenagailu gela ere hagitz ttikiak dira.

Hezkuntaren kalitate galeran eragiten duten bertze behar batzuk era badituzte eskolan. «Espazio faltagatik ez dugu liburutegirik, hizkuntza eta musika gelarik, Hezkuntza Laguntza Unitateak ere ez du espazio propiorik» dio Elexpuruk. 

Udalak eskolaren handitze integralerako proiektu bat aurkeztu du, 630.407,91 euroko aurrekontua duena eta horren arabera, beheitiko solairuan dagoen patioa goitikora pasatuko litzateke, Igor Lopez de Uralde udal arkitektuak Iruñean azaldu zuenez. Aitor Elexpuru eskolako zuzendariak dioenez, «honek arazoari behin betiko konponbidea emanen lioke, eta gainera Haur Hezkuntzako lehen zikloa (0-3 urte Pelle Txiki ludoteka gaur egun) eskolako eraikinean txertatuko genuke. Gure adostasuna proiektuarekin erabatekoa da. Noski proiektu irekia da eta hezkuntza departamentuko teknikoen ekarpenen zain gelditzen da».

Iruñean jaso dutenharrera ezin hobea izan dela ere aipatu digu eskolako zuzendariak. «Goizez hezkuntza departamentuan egon ginen eta arratsaldean parlamentuan. Urtarrilean erantzuteko gelditu dira. Heldu den urterako gure eskaera gela bat eta patioaren zati bat altxatzea da, idorpea izan dezagun. Proiektua faseka edo moduloka burutzearekin ados gaude. Baina behin hasita, hurrengo urteetan burutzeko konpromezua eskatzen dugu».

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun