Jaialdi izaerak aisialdi hutsarekin duen lotura hautsi eta “gure jarduera bertze modu batean ulertzeko gaitasuna da jokoan jarri nahi duguna” aipatu dute eta kultura, gure ingurunearekin (soziala, ekologikoa, politikoa…) ulertzeko beharraz hausnartu nahi dute, jaialdia hortarako eredu egokiena ote den edo ez zalantzan jarriz.
Ariketa hau zerbaiten amaiera baino, “bERTZe zerbaiten hasiera izan daitekelakoan, irailetik abendura bitartean zenbait ekitaldi antolatu dituzte, gehienak filosofia antzekoarekin lan egiten duten bertze agente eta aktoreekin elkarlanean”.
Asteburuko egitaraua
Jaialdi edo ez jaialdi, egitarau zabala prestatu dute azaroaren 27tik 29ra Beran.
Ortziralean 22:00etan zine gaualdia izanen da Kultur Etxean, Oskar Alegria zinegile eta Iruñeko Punto de Vista zine jaialdiko zuzendariak aurkeztuta.
Larunbatean 22:00eta, “Züek heben” ikusentzunezko emanaldia eskainiko dute Kultur Etxean. Ortzegunetik larunbatera herrian barna soinu eta irudi biltzen ariko dira Patxi Laskarai, Pierre Vissler, Mixel Etxekopar eta Jean-Christian Galtxetaburu. Batez ere beratarren euskalkiari eta solasteko moduari erreparatuko diote, bertze euskal herri batzutan egiten ari diren bezalaxe. Larunbatean aurkeztuko dute bildutako uzta.
Igandeko egitaraua Bidazi elkartearekin batera prestatu du Ertzek. 10:00etan Baratzeko Kantutegia eskainiko dute, entzunaldia herriko baratzeetan barna, Jakoba Errekondo eta Alex Mendizabalek gidatuta. Ezkilak, lurrazpiko soinuak, barazki dastatzea, landareentzako musika… 14:00etan bazkari begano ekologikoa izanen da Bidazi elkartearen eskutik Iamotenean. Izena ematen duten lehen 50 lagunentzat bakarrik izanen da tokia. Apuntatzeko e-mail bat bidali behar da info@bidazi.org helbidera. Prezioa 16 eurokoa da. Arratsaldeko 5etan “Bizi baratzea” liburuaren aurkezpena eginen du Jakoba Errekondo egileak. Galdera-erantzun-solasaldi tartea izanen da aurkezpenaren ondotik.