Bortzirietako azienda onenak sarituko dituzte ortzeguneko Lesakako ferietan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015eko azaroaren 24a

Bortzirietako aziendek parte har dezakete Lesakako ferietan eta onenek sari ederrak jasoko dituzte.

Asteazkenean, ajoarriero lehiaketa antolatu du Beti Gaztek eta trikitilari eta panderojoleak kalejiran ibiliko dira

Azaroko azken ortzegunean, hilaren 26an, eginen dira Lesakako feriak. Urtero bezalaxe, Bortzirietako azienda onenek eta saltzaileen postuek beteko dituzte karrikak Lesakako Udalak antolatu duen egun osoko bestan. Baina bezperan, asteazkenean ere, Beti Gaztek antolatutako ajoarriero lehiaketa eta bertze zenbait ekitaldi izanen dira.

Ortzegun goizeko egitarauari dagokionez, artisauek egindako lanak ikusteko aukera izanen da Beheko  Plazan.  Herriko karriketan azienda saila, gozogileek egindako pastel eta mokadu goxoak, denetarik eskaintzen duten saltzaileen postuak... egonen dira egun osoz. 

Lesakako ferietan protagonismo handia hartzen dute inguruko abelburuek, Bortzirietako azienda lehiaketa egiten baita. Goizeko 11:00etatik aitzinera Plaza Zaharrean eta inguruko karriketan betabereak, zaldiak, pottokak, monturakoak, poniak, ahariak eta zatalbereak egonen dira ikusgai.

Iaz esate baterako, 141 azienda aurkeztu zituzten. Horietatik 81 zaltabereak ziren, tartean pottokak eta monturakoak, 56 behi, batzuk bere aretzearekin eta zezenkoren bat betabereetan eta lau ahari.

 

Lehiaketa kategoria desberdinetan banatua dago eta horren arabera banatzen dituzte sariak. Hala, aurkeztuko diren behiak suitza, holandesa eta haragitako kategorietan banatu eta maila bakoitzeko hiru onenak sarituko dituzte, 190, 160 eta 100 euroko sariekin. Zaldietan, 125, 95 eta 50 euroko sariak izanen dira hiru onenentzat.

Azken lau urteetan bezala, pottoka (100 euro), montura (80 euro) eta poni (70 euro) onenek ere saria jasoko dute eta ahariak ere plazaratu eta saria izanen dute (50 eurokoa lehenbizikoak, 30 eurokoa bigarrenak eta 20 eurokoa hirugarrenak). Sari banaketa eguerdi partean eginen dute eta orduan jakinen da zein diren aurtengo Bortzirietako azienda hoberenen jabeak.

 

Herri kirolek ere ez dute hutsik eginen, 11:00etatik aitzinera aizkolariak arituko dira lanean. Ondoren, Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso ariko dira kantuan. Tenore horretan eginen da azienda lehiaketaren sari banaketa ere. Goizeko ekitaldien ondotik, arratsaldean pilota partidak jokatuko dituzte.

17:30ean hasiko dira eta bi partida izanen dira.  Lehenbizikoan, lau terdiaren barrenean ariko dira Elizalde eta Eskudero buruz buru. Gero, binaka ariko dira Mikel Goñi Oronoztarra eta Abarzuzako Iñigo Pascual, Mikel Olazabal aresoarra eta Jon Olaizola lesakarraren kontra. Sarrera 7 euro ordaindu beharko da.

Eguna borobiltzeko 18:00etatik aitzinera Joselu Anaiak taldearen musikarekin dantzan aritzeko aukera izanen da.

 

Bezperan ere bai

Feria egun handia ortzegunean izaten den arren, bezperan ere hasten da nabaritzen karriketan giro berezia. Beti Gazte Elkarteak antolatzen duen ajoarriero lehiaketa jokatuko da asteazken arratsaldeko 6etatik aitzinera Beheko Plazan. Ordu berean, Lesakako Trikitixa taldeak kalejira eginen du. Gainera, Irain eskolan azoka eginen dute asteazken goizean, ikasleak salerosketan trebatzeko eta diruarekin manejatzen hasteko.

Erlazionatuak

Bortzirietako Feriak Lesakan

Xorroxin irratia 2015 aza 25 Bortziriak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun