Laraburukobordako gazta eta Oskozeneko aharia garaile Arantzako Baserritarren Egunean

Nerea Altzuri 2015ko aza. 2a, 07:45

Arantzako baserrietako produktu bikainak oplazaratu zituzten igandean.

Hogeigarren edizioan hogei salmenta postu jarri ziren eta lehiaketara zortzi gazta eta zazpi ahari aurkeztu

Joan den ortziralean kultur egunak abiatu ziren Arantzan eta igandeko Baserritarren Egunak jendetza erakarri zuen herrira, eguraldi bikaina lagun. Lehiaketara aurkezttutako zortzi gazten artean Laraburukobordakoa nagusitu zen eta zazpi aharien artean Oskozenekoa garaile. Horretaz gain, hogei salmenta postu ere jarri ziren frontoian. Ikusi argazkiak

 

Pasatu berri dugun asteburuari begira jarriz, ortziralean, Mentxu Peña herrikoak adin ezberdinetako haurrei ipuinak kontatu zizkien; ondotik, merendua eta  haur eta gaztetxoentzat partxis lehiaketa izan ziren. Irabazleak Eider eta Araitz izan ziren; bigarren Aiora eta Oihan anai arrebak.

Larunbatean, Unai Ormaetxearen bakarrizketa saioa izan zen eta asteburuari akabera ezin hobea emateko, igandean XX. Baserritarren eguna egin zen Ekaitza Elkarteak antolatuta.

Aitzineko egunetan bezala, eguraldi ezin hoberarekin bisitari aunitz hurbildu zen herrira. Urtero bezala, merkatu bilakatuak ziren frontoia eta plaza bazterrak.

Bertan egiten dena erakustea helburu izaten du egun honek. Bertako baserritarren eta ekoizleen produktuak ikusgai eta salgai zeuden: zerrikiak, gozokiak, taloak, eskulanak, aziendak(ahariak, ardiak, poniak, untxiak,o ilaskoak)… denetarik ikus zitekeen bertan. Guzira, herritarren hogei postuetan, urtean zehar eta egun honetarako prestaturiko lanak gozatu eta dastatu ahal izan ziren bertan edo etxera eraman. 

Gazta lehiaketa ere izan zen bertze urte batez. Zortzi gazta izan dira aurten, bertze urteen aldean, gazta guttixeago. Hauek gazta aurkeztu zuten baserriak: Aientsa auzoko Gaxtelenekoborda, Martinkonborda, Tuanekoborda, Senberro, Eguzkialdea auzoko Simonenborda, Serorinborda, Laraburukoborda, Oskozenea.

Hauek izan dira sarituak;

1.Laraburukoborda baserria (60 euro)
2.Serorinborda baserria(Margari Madariaga) (40)
3.Eguzkialdea auzoko Simonenborda baserria (20)

Gazta Irabazlearen erdia 12 eurotan saldu zen; bertze parte hartzaileen gazta erdiak 10 eurotan eta epaileek dastatzeko ibilitako gazta zatiak 7 eurotan eskuratu zituzten gaztazaleek.

Bertzalde, ahari lehiaketa ere izan zen seigarren urtez.  Ahari lehiaketan irabazlea, Oskozeneko Leontzio Oskoz (50 euro), bigarren tokian, Seberiano Indakoetxea (25 euro). Horien ahariez gainera, Serorenborda, Martinekoborda eta Simonenborda baserrietako eta Dani Lukanbioren ahariak aurkeztu ziren lehiaketara.

Urtero bezala, bertako produktuekin osatutako zarea(saskia) ere zozketatu zen eta  Eneko Sarrias aranztarrak eraman du aurtengoan.

 

POSTUAK:(20 postu)

FELIX APEZETXEA
ILARGI
PABLOENEA
BORDAXURI
ARANTZAKO DBH
TOKI ONAKO DBH
OSKOZENEA
LUTZINEKOBORDA
PELLE-TTIKI
SENBERRO
ESKERRENEKOBORDA
ETXERREA
MAINENBORDA
TUANEKOBORDA
SERORENBORDA
ETXEBERRIKOBORDA
AMAIA APEZETXEA
IRATI
ERREFENBORDA
GURASO ELKARTEA

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun