Urriaren 30ean, ortziralean 16:30ean Ipuin-kontaketa baskulan (3-6 urteko haurrentzako). 17:15ean Ipuin-kontaketa baskulan (7-10 urteko haurrentzako). 18:00etan berendua (txokolatea bizkotxoekin banatuko dugu herriko plazan). 18:30ean Partxisa (gazteak eta ez hain gazteak elkarrekin jolastuko dira Ekaitza Elkartean).
Urriaren 31n, larunbat arratsaldeko 6etan Monologoa izanen da. Unai Ormaetxea gazte andoaindarrak bakarrizketa umoretsua eskainiko du eskolan.
Azaroaren 1ean, igandean, azkenik, Baserritarren eguna eginen da herriko plazan eta frontoian. Bertako baserritarrek euren produktuak, eskulanak edota aziendak ikusgai edota salgai paratuko dituzte. Ostatua ere paratuko du Guraso Elkarteak.
Gaztak eta ahariak lehian
Gazta lehiaketa ere izanen da eta gazta bakoitzarengatik 15 euro emanen zaizkie lehiakideei. Sariei dagokienez, lehen saria 60 euro, bigarrena 40 eta hirugarrena 20 izanen dira.
Aziendetan ere, ahari lehiaketa eginen da bertze urte batez. Sariak hauek dira: lehen saria 50 euro eta bigarren saria 25 euro.
Azienden erakusketari dagokionez berriz, ardiak eta ahuntzak, guttienez 7 buruko loteak aurkeztuko dira eta ekartzearen alde 40 euro emanen zaizkie artzainei. Gehienez ere, lote bat ordainduko zaio jabeari. Abrekiak, gehienez hiru buruko loteak izan behar dira eta baserritar bakoitzari buruko 10 euro ordainduko zaizkio. Behikiak, guttienez bi buruko loteak izanen dira eta baserritar bakoitzari buruko 15 euro ordainduko zaizkio.
Hau guztia prestatzeko, Ekaitza elkartetik, zenbait mezu helarazi dituzte: Bezperan, ostatua eta frontoia montatzeko 18:30ean hitzordua paratua da. Azaroaren 1ean berriz, 08:00etan irekiko da frontoia. Arratsaldez, 5etan frontoia eta plaza garbitzea izanen da.
Bertzalde, Pelle Ttiki haur eskolak, bigarren eskuko jostailuen mahaia paratuko du aurten ere. Etxean, ibiltzen ez diren jostailuak biltzen ari dira egunotan. Ortziral eta larunbatean ere eraman daitezke, 17:30etik 18:30era udaletxeko gorapera.
Udazkeneko Kulturaldiak azaroaren 14an, larunbatarekin izanen du akabaila. 19:45ean Hauspolariek musika taldeak emanaldia eskainiko du eskolan.