Javi Perez eta Lurdes Oiartzabal gipuzkoarrak nagusitu dira Lizuniagako XXXV. Igoeran

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko urr. 26a, 15:05

Lasterketa abiatu orduko buruan jarri zen Javi Perez, Fernando Etxegarai, Santi San Miguel eta Antonio Bru gibeletik zituela.

115 korrikalari atera ziren lasterketa nagusian, probaren historian bigarren partehartze handiena eta 70 neska-mutikok ere egin zituzten lasterketa llaburragoak

Lizuniagako igoeraren XXXV. edizioa burutu zen urriaren 24an, larunbat arratsaldean Beran. Partaide kopuruari begira, guztiz arrakastatsua izan da. Haurren krosean, 97 neska-mutikok parte hartu dute eta 5 talde desberdinetan Berako kaleetan lasterka egin dute.

 

Sari banaketa eta berenduaren ondotik, lasterketa nagusiari hasiera eman zaio eta 115 partaide bildu ziren (progaren historian  bigarren partaidetza altuena).
Hasiera-hasieratik Javi Perez irundarra izan dugu lasterketaren buru. Erdi aldera, Fernando Etxegarai beratarrak harrapatu egin zuen eta gibelean uzten saiatu zen, baina Perezek indartsuago dagoela erakutsi zuen eta helmugarako 500 metro falta zirenean erritmo aldaketa bortitz batekin Gure Txokoako lasterkaria atzean utzi zuen. Horrela, Javi Perez irabazle suertatu (17’57”)eta Fernando Etxegarai 8 segundura ailegatu zen.
Hirugarrena Santi San Miguel doneztebarra izan zen, 2 urtez segidan bigarren postua eskuratu ondoren eta aurten irabazle izateko kinieletan zegoena.

Emakumeen artean, iaz bezala, Lurdes Oiartzabal lezotarra izan zen irabazle, aisa nagusitu baitzen (21’44”) . Bigarrena, Ane Eltzaurdia beratarra izan zen (23’19”) eta hirugarrena Tania Arraran gaztea (24’14”).

Emakumeen partaidetza %20koa izan da eta 48 beratarrek parte hartu zuten lasterketan.
Batista Telletxea beratarrak aurten ere ez zuen hutsegin nabarmendu eta aurtengokoarekin 35 edizioetan parte hartu du.

Gure Txokoatik partaide guztiei eskerrak eman nahi dizkiete eta batez ere, lasterketa hau posible egiten duten laguntzaile guztiei.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun