Bezperako egitaraua ere urtetik urtera osatuagoa izaten da. Larunbatean 15:30ean ttikien lasterketak eginen dira eta 17:00etan Lizuniagako igoeraren 35. edizioa. Aurten, bederatzigarren edizioa beteko duen barazki opil lehiaketa 18:30ean eginen da Altzateko frontoian, trikitilariek lagunduta. Rosa Errandonearen argazki erakusketa ere irekiko dute larunbat arratsaldetik Ikastolako aretoan. Aurtengoan, Berako musika hartu du argazkien gaitzat eta lehengo eta oraingo argazkiak ikusteko modua izanen da, “Isidoro Fagoagatik hasi, Berako organoarekin segituz, txistulariak, banda, txarangak, abesbatza, bertsolariak, Musika Eskolak, herriko musikariak… Beran onddoak baino musikari gehiago ditu eta seguru bila ateratzerakoan, bakarren bat bidean utzi dugula. Aldez aurretik, norbait ahantzi badut barkamena eskatu nahi dut”, dio egileak.
Gasna eta sagardo lehiaketak igandean
Igandea izanen da egun nagusia. 09:00etarako lehiaketarako barazkiak, gaztak eta sagardo botilak eraman beharko dira Ricardo Baroja eskolara. 10:00etatik aitzinera eskulangile eta elikadura azoka eta barazki erakusketa eginen dira Altzaten. 10:30ean txistulariak, zeltiar musika eta Irats trikitilariak izanen dira Altzateko plazan. 11:00etan hasiko da Bortzirietako 29. Gasna lehiaketa eta Musika Eskolako trikitilariak kalejiran abiatuko dira. Eguerdian, 18. Sagardo Lehiaketa eginen da Karnaxenean eta kalejiran aterako dira Musika Eskolako eta bandako musikariak. Bi lehiaketetan parte hartzeko Bortzirietako ekoizlea izan behar da. Gazta lehiaketa irabazten duenak 300 euroko saria eta oroigarri bat eramanen ditu eta bigarrenak 100 euroko saria. Sagardo lehiaketako irabazleak, berriz, 200 euro eskuratuko ditu eta bigarrenak 75 euro.
Arratsaldean ere segituko du bestak. 16:00etan hasita Altzateko Plazan herri kirolak izanen dira. Sari banaketa eginen da bertsolariekin eta horrekin batera enkantea, txaranga eta dantzaldia. Egun guztian musika, taloak, eta jaki eta edariak dastatzeko aukera izanen da.