Aipatu bezala, erakusketaren inaugurazioa irailaren 25ean, ortziral arratsaldeko 7etan egin zuten Berako Kultur Etxean eta argazkiak utzi dituzten Berako artzainak ere bertan izan dira. Berakoenak ez ezik, Baztan, Ituren, Zubieta, Etxalar eta Lesakako artzainen argazkiak daude ikusgai.
Euskal artzainen besta urriaren 3an Beran
Euskal Artzainak Ameriketan elkartearen urteroko besta urriaren 3an Beran izanen da aurten. Kultur-transimisoan emakumearen garrantzia azpimarratu eta azkeneko urteetan elkarte bezala egiten ari diren lana erakutsi nahi dute. Gainera, eta bereziki, aurten Ameriketara joan ziren emakumeen lana goraipatu nahi dute “beraiek izan zirelako, batez ere, gure kultura, hizkuntza, baloreak, beraien seme alabei eman zizkietenak».
Egun osoko besta izanen da urriaren 3koa. 10:00etan harrera eginen zaie artzainei eta hamaiketakoa ere prest izanen dute Berako Musika eskolako haurrek alaituta. 12:00etan meza eta bukaeran Dolores Lazkanori omenaldi ttiki bat eginen diote. Bankako Menditarrak taldeak ere, Ameriketara joandako emakumeei kanta bat eskainiko diete, kultur-trasmisioan egindako lana eskertuz.13:30ean bazkaria izanen da Francisco soinulariak alaituta. 18:00etan zozketak egin eta 19:00ak aldera bukatuko da festa. Egunean zehar Berako Kultur Etxean Baztan, Etxalar, Lesaka eta Berako artzainen argazkiak ikusteko aukera izango dute.