Berako XXIII. Mendi Bizikleta ibilaldia igandean eginen dute

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015eko irailaren 25a

Postas eta Matzada arteko ibilbidea eginen dute 14 urtez beheitiko neska-mutikoek.

Nagusiek bi ibilbide izanen dituzte aukeran, 33 eta 20 kilometrokoak eta 14 urtez beheitikoak Postasetik Matzadaraino joanen dira

Irailaren 27an, Gure Txokoa elkarteak antolatutako Berako XXIII. mendi bizikleta ibilaldia eginen da, 10:00etan hasita. Haurren probarako igande goizeko 9etatik 9:30era emanen da izena Matzadan (gurasoen autorizazioa behar da) eta helduen izen emateak 9tatik 10ak arte. 

 

Helduek bi ibilbide izanen dituzte aukeran: 33,5 kilometrokoa luzeena, 1.100 metroko desnibelarekin eta Manttale izanen duena punturik altuena (560 metro); eta 20 kilometrokoa laburrena, 500 metroko desnibelarekin eta Ibardin punturik altuena (412 metro). Federatuek eta Gure Txokoako bazkideek 10 euro ordaindu beharko dute izen ematean eta federatu gabekoek eta Gure Txokoako bazkide ez direnek 15 euro (asegurua)

Ibilbide ttikia ere izanen da, 14 urtez beheitiko neska-mutikoei zuzendua, Postas eta Bera artean. Postaseraino autoetan eramanen dituzte eta handik Ibardinera igo beharko dute bizikletan, Usategietan barna Zia auzora jautsi eta Matzadako futbol zelaian bukatzeko. Hauek 5 euro ordaindu beharko dituzte izen ematean eta gurasoen baimena aurkeztu beharko dute edo gurasoetakoren batek lagunduta parte hartu.

Gure Txokoatik jakinarazi dutenez, laguntzaileak beharko dituzte, bidegurutzetan laguntzeko, etab…

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun