Pello Apezetxea omendu dute Etxalarren 50 urte bete dituelako herrian apez

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko ira. 16a, 07:35

Pello Apezetxea, omenaldian parte hartu zuten musikari eta dantzariekin eliz atarian.

Igandeko mezan musika berezia aditu zen eta Aurreskua dantzatu zioten ondotik

Goizuetarra da sortzez Pello Apezetxea Zubiri, baina arrontean etxalartartua dela ere erraten ahal da. Izan ere, aurten 50 urte egin ditu herriko erretore izaten. Etxalarko parrokiak omenalditxo bat egin zion igandeko mezan, oroitzapen seinale gisara.

 

Pello Apezetxeak berak eman zuen igandeko meza berezia izan zen, musikari dagokionez. Iñigo Etxarte txistua joz eta Javier Perez de Azpeitia organoarekin aritu ziren eta doinu dotoreak hedatu zituzten.  Meza ondoren, eliz atarian Aurreskua dantzatu zioten Xabier Ariztegi Santxinek eta Izaro Iribarrenek herriko apezari eta ondotik, hamaiketakoa izan zuten.

2011n ere omenaldia eskaini zion Altxata elkarteak Pello Apezetxeari, herriko erretore izateaz gain, euskalgintzan, ttipi-ttapa aldizkarian, Herria 2000 Eliza erakundean, Usoa nekazari kooperatibaren sorrera edo Euskaltzaindian egindako lana goraipatuz. Gainera, Etxalarri buruzko liburuak eta bertze gisako artikuluak argitaratu ditu han eta hemen.

Pello Apezetxeak aipatu duenez, aunitz aldatu da Etxalar 1965. urtetik honat: «Orduan jende aunitz bizi zen baserrian eta baserriko lanetik bizi zen. Bertan saltzen zenaz gain, egunero 2.500 litro esne saltzen zen kanpora eta gaur egun ez da litro bat bera ere ateratzen».

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun