Didier Zagoren ondotik, bi beratarrek osatu zuten gizonezkoen podiuma: Joseba Larralde bigarren izan zen eta Fernando Etxegarai hirugarren. Aipatzekoa da Zagok ordu erdi baino gehixeagoa behar izan zuela lasterketako 7 kilometro gogorrak (300 metroko desnibela) osatzeko. Honela, iaz irabazi zuen Unai Santamaria Manttaleko kidearen lekukoa hartu du. Hain zuzen, Santamariak larunbat berean Vall d’Araneko Vielhan burututako bertze gau lasterketa batean parte hartu zuen eta hirugarren izan zen.
Emakumezkoetan, Nerea Amilibiaren ondotik, Monica Telletxea irundarra eta Ana Cruz pasaitarra sartu ziren.
Besta bezperan, giro ederrean burutu zen Gau Lasterketa, txistulari eta txalaparta doinuaren laguntzaz. Alferrak peñak ez zion bere izenari kasurik egin eta partehartzaile gehien aurkeztu zuelako saria jaso zuen. Halere, sailkapenean Zirtzilak peña izan zen onena, Ematzuplay taldearen aitzinetik. Sari eta opari banaketaren ondotik, luntxa banatu zuten.
Manttale Mendi Lasterketa taldeak eskerrak eman nahi dizkie lerro hauen bidez, proba burutzea posible egin duten boluntario, erakunde eta enpresei.