Lehenengo proba konbinatuan 3 txanda eginen dituzte eta bakoitzean 15 lokotx bildu (lehen txandan bildu, bigarrenean jarri eta hirugarrenean bildu), zaku lasterketa binaka (40 kiloko zakuarekin kirolari bakoitzak 2 itzuli emanen dizkio plazari) aizkora (45 ontzako enbor bat moztuko dute), korrika (5 itzuli emanen dizkiote plazari, 400 metro) eta arpana (etzanda jarritako metroko enborrari 4 korte) egin beharko dituzte.
Bigarren proba konbinatuan (bi kirol), txinga eramaten (50 kiloko txingekin ahalik eta plaza gehien egin) eta ingude altxatzea (18 kiloko ingudeari ahalik eta altxaldi gehien eman minutu batean) eginen dituzte.
Beran larunbatean jokatuko den saioan, Iberoko Artzanegi, Basaburua, Bera eta Berriozar lehiatuko dira.
Bigarren jardunaldia abuztuaren 8an jokatuko da Asiainen eta Arraioz, Artzanegi, Berriozar eta Ultzamako Menditarrak ariko dira.
Hirugarren jardunaldia abuztuaren 16an izanen da Burlatan eta Arraioz, Basaburua, Bera eta Menditarrak izanen dira aurrez aurre.
Finala abuztuaren 29an jokatuko dute Berriozarren, eta proba konbinatu bakoitzean, jardunalditako lau talde onenak pasatuko dira finalera.