Orabideko Kortariko Bordak irabazi du Etxalarko XXIII. Gasna lehiaketa

Irune Elizagoien 2015ko eka. 8a, 12:24

Etxalarko XXIII. Gasna lehiaketan saritutakoak, antolatzaile eta epaimahaikideekin.

Bigarren eta hirugarren sariak Etxalarren gelditu ziren, Basatekobordan eta Intzekobordan

Altxata elkarteak antolatutako XXIII. gasna lehiaketa ospatu zen Etxalarren ekainaren 7an. Denetara 14 gasna aurkeztu ziren lehiaketara eta Lekarozko Orabideko Kortariko Bordako Julen Arburuak irabazi zuen lehenengo saria (120 euro). Bigarren saria (90 euro) Etxalarko Basatekobordako Ixidro Ariztegik lortu zuen eta hirugarren saria (75 euro) ere Etxalarren gelditu zen, Intzeko Bordako Josetxo Ariztegiren eskuetan.

 

Etxalarkoen artean berriz, lehenengo saria (50 euro) Jorge Arizaleta (Urtsua baserrikoak) eraman zuena eta bigarrena (30 euro) Aldalurkobordako Kontxi Antxorenak.

Honez gain, joan den urtean bezala, Goxo topaketa egin zen. Guztira zazpi sagar-tarta aurkeztu ziren eta guzien artean lote bat zozketatu zen. Hau Amaia Razkineri suertatu zitzaion.

Eguraldi ederra lagun, jende aunitz ibili zen herrian eta eguneko bertze ekitaldiak ere hagitz arrakastatsuak izan ziren. Hainbat eskulangileren lanak ikusgai eta erosgai izan ziren pkazan eta txakur trebezien erakustaldia ere ikusgarria izan zen, Etolcanin agility taldearen eskutik. Eguerdi partean herriko trikitilariek bere saioa eskaini zuten eta herri bazkariaren ondotik, arratsaldean dantza saioa eskaini zuen herriko taldeak. Goizez baserriko lan tresnen erakusketa egin zen Iriondoan eta egun osoan, eskulan ikastaroko lanen erakusketa eskola zaharretan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun