Oier Ariznabarretak, ordubete, 39 minutu eta 21 segundoko denborarekin eta Laura Solak, 2 ordu eta 26 segundokoarekin, irabazle suertatu dira Berako XI. Mendi Maratoi Erdian, iaz bezala. Ariznabarretak ez du arazorik izan gizonezkoetan irabazteko, Didier Zagoren eta Beñat Marmisolleren aurretik hurrenez hurren, Larun mendia punturik altuena zuen (900 metro) eta 2.700 metrotako desnibela zeukan 21 kilometrotako ibilbide gogorrean.
Irabazleak ezin izan du berak 2014n ezarri zuen errekorra hobetu, 1 ordu, 37 minutu eta 30 segundoakoa. Ibardineko tarteko helmuga, 150 eurotan saritua, ere berarentzat izan da.
Emakumezkotan, Laura Sola izan da Berako kiroldegiko helmugara iristen lehena, Alizia Olazabalen eta Aitziber Ibarbiaren aurretik.
538 korrikalarik parte hartu duten lasterketan, haietatik 530 iritsi dira helmugara, Nafarroako mendi lasterketen koparen bigarren proban. Jende aunitz hurbildu da lasterketa ikustera eta bestelako arazorik gabe eta eguraldi nahasia izan duen probataz disfrutatzera.
Taldekako salikapenean Erlaitz talde irundarra izan da garaile eta Berako Manttale Mendi Lasterketa Taldea bigarren.
Abiadurako eskalada txapelketa bertan behera
Euriaren ondorioz ezin izan zen Abiadurazko Eskaladako txapelketa jokatu larunbatean. Altzateko frontoiaren kanpokaldeko frontoian kokatuta zeuden bi “bietan” eskalatzea ezinezkoa izan zen, hala ere saiatuko dira bertze data batean egiten.
Gainontzeko ekintzak behar bezala egin ziren. Aizkoran jautsiera posturako bi kanporaketak euripean baina arazorik gabe jokatu ziren. Lehenengoan, Nafarroako Bigarren Mailakoan, Resano izan zen hoberena (7:22), Mindegiaren (8:06) eta Erasoren (10:08), aitzinetik, azken hau izan zen maila galdu zuena.
Euskal Herriko Lehen Mailako Txapelketari zegokion kanporaketan, Ruben Saralegik (21:17) maila galdu zuen Juanjo Lopezen aurka (20:58).