Oier Ariznabarretak eta Laura Solak garaipena errepikatzea bilatuko dute Berako XI. Mendi Erdi Maratoiean, hurrengo igandean, apirilaren 19an. Bizkaitarra, Sara Korrika Trailean garaile aurten, izanen da faborito nagusia, 525 partaide izanen dituen Berako proban. Aurkarien artean, Didier Zago frantziarra, 5 aldiz Beran garaile, eta Dabid Garcia iaz hirugarren sailkatutakoa izanen dira kontuan hartzekoak. Gainera Beñat Marmisolle, Senpere Trailean garaile eta Brice Delsouiller frantziarrak, Mikel Albeniz gipuzkoarrak eta Victor Amatrian nafarrak debuta eginen dute proban, eta ezin dira baztertu garaipenaren lehian.
Ariznabarretak ez du ia mendi lsterketetan parte hartu aurten, krossean eta duatloian ibili baita gehien bat, nahiz eta bi garaipen lortu dituen mendian; Artenarako kilometro Bertikala Gran Canarian eta Sara Korrika Trail-a. Aurten Manttalerekin ari den Zagok oraindik ez du palmaresa estreinatu.
Emakumezkotan, 2014ean hiru lehenbiziko postuetan sailkatu zirenak izanen dira aurten ere: Laura Sola, Aitziber Ibarbia eta Alizia Olazabal. Solak iaz gutxigatik ez zuen lortu bi ordutik jaustea, izan ere marka hau ez du orain arte ezta emakume batek ere lortu. Duela 3 aste Nafarroako Txapelketaran, Untzuen jokatu zen Hiru Mugak lasterketan erraz irabazi zuen. Guztira 34 emakumezkok eman dute izena proban, hamaika urteotako partaidetzarik altuena.
Berako proba Nafarroako Mendi Lasterketen Txapelketako bigarren proba izanen da. Lehenengoan, Aiegiko Montejurra Trailean Imanol Goñik eta Mari Cruz Aragonek irabazi zuten.
Azken urteotan bezala, eskuragarri jarri ziren 525 dortsalak ordu eskasean bukatu ziren. Lasterketak, 21 kilometrokoa beti bezala, ez du aldaketarik izanen eta punturik interesgarriena Larungo igoeran izanen da, 900 metrorekin punturik altuena baita.
Larunbatean eskalada sprint leihaketa, aizkolariak eta mendi proiekzioa
Bigarren urtez, Manttale Mendi Lasterketa Taldea, Agerra Mendi Taldea eta Gure Txokoak, apirilaren 19an jokatuko den Berako Mendi Erdi Maratoiaren bezperan hainbat ekintza antolatu dituzte. Eskalada sprint lehiaketa bat, aizkolariak eta dokumental baten proiekzioa hain zuzen ere.
Ekintza hauek apirilaren 18an hasiko dira Altzateko frontoian, larunbat arratsaldean, 15:30ean Abiadurazko Eskalada Txapelketarekin. Izen ematea Internet bidez egin daiteke manttaletaldea@gmail.com helbidera mail bat bidaliz edota egunean berean. Bi kasuetan prezioa 5 eurokoa izanen da federatuentzat eta 8koa ez federatuentzat. Bi kategoria egonen dira; absolutua (emakumezko eta gizonezkoentzat) eta 17 urtetik beherakoenentzat. Irabazleek txapela, trofeoa eta 100 euro irabaziko dituzte, bigarrenek 75 euro eta hirugarrenek 50. Kanporaketak 15:30etik aitzinerat jokatuko dira eta 18:30etik aitzinera finalak frontoiaren kanpokaldeko paretan, Zia errekaren ondoan.
Kanporaketak bukatzerakoan eta finala baino lehen, 17:30 aldera, kiroldegiaren kanpokaldean aizkolarien txapelketa jokatuko da. Lehenengo proban Iban Resano (Dorrao), Angel Eraso (Salinas de Oro) eta Xabier Mindegiak (Beintza Labaien) Nafarroako Bigarren Mailarako jautsiera kanporaketa jokatuko dute. Bertzalde, Euskal Herriko Bigarren Mailarako jautsiera kanporaketan Ruben Saralegi (Leitza) eta Juan José Lópezek (Lezaun) parte hartuko dute.
Eguna bukatzeko, Beralandetan, Iñaki Razkinek Himalaya Txinatarrean egindako espedizioaren inguruan proiekzio bat egonen da. Kulum mendikateko Muztagh Ata (7.546 metro) mendian egindakoa hain zuzen ere.
Datu interesgarri batzuk
Eskursioa. Ibilaldi gidatuak eta doakoak antolatu dira korrikalarien pasoa ikusteko.
8.30: Bera- Larun-Bera. 14 kilometrokoa gutxi gora behera
9.00: Bera-Usatita-Landagaita-Bera. 10 kilometrokoa gutxi gora behera
Bi ibilaldiak Rikardo Baroja eskoletik aterako dire.
Parte hartzaileak: 525 guztira. %44 Nafarroatik dator, %39 Gipuzkoatik, Gainontzekoak Iparraldetik, Arabatik eta Bizkaiatik. Beratarren artean 34 izanen dira parte hartzen dutenak, haietatik 3 emakumezkoak; Aitziber Iturria, Aloña Lasaga eta Andrea Gouraud. Manttale taldeak 18 ordezkari izanen ditu.
Helmugaratzearen bideo eta diploma: Parte hartzaileek euren helmugaratzea ikusi ahal izanen dute eta diploma deskargatu. Horretarako www.noticiasdegipuzkoa.com webgunean konektatu beharko dire.
Larunen zaborra eta kristalak. Azken aste hauetan Manttaleko kideek 65 kilo zabor eta kristal bildu dituzte Laruneko azken tramotan. Aurreko urteetan ere bertze hainbertze kilo bildu izan dira.
Logistika. 150 boluntario izanen dira, Manttale Mendi Lasterketa Taldea, Gure Txokoa eta Agerra Mendi Taldeak antolatzen duen lasterketan. Gurutze Gorria egonen da, baita boluntario bezala egonen diren suhiltzaile, fisioterapeuta, mediku edo erizainak ere.
Anoa puntuak: 7 anoa puntu egonen dire ibilbidean zehar, eta helmugan zortzigarren bat. Altzateko frontoian, proba bukatzerakoan luntx bat egonen da parte hartzaile guztientzat.
Korrikalariaren poltsa. Lasterketa abiatzen duten korrikalari guztientzako izanen da poltsa eta helmugan emanen da proba bukatzerakoan. Hainbat produktu egonen da bertan, kamiseta bat bertzeak bertze.