Bidasoko Hazien Sareak bigarren urtez Hazien Eguna antolatu du Beran martxoaren 28an. Larunbat goizeko 10:30ean hasiko da, Rikardo Baroja eskolako idorpean. Han mahai batzuk izanen dira, ekartzen diren haziak paratzeko, eta noski, han direnak nahi dituenak hartzeko. Mahai horien inguruan, hazi bakoitzari buruzko ezagutzak elkarbanatuko dituzte: Nondik lortuak diren, noiztik egiten ditugun, horietatik sortzen diren landareak nolakoak diren, zein berezitasun dituzten...: «Iaz solasaldi aski ederrak izan genituen Hazien mahaien inguruan!».
Hamaiketakoa egiteko aukera izanen dute, etxeko artoa baliatuz prestatutako janariak izanen baitituzte. Eguerdi aldera Solasaldi Irekia ere eginen dute. Bakoitzak zer ikasi edo mintzatu nahi duen erran ahal izanen du, eta gai horien arabera taldetan bildu eta arituko dira. Bidasoko Hazien Sareak, bere aldetik, landareetatik haziak nola eskuratu ikasteko tailerra proposatu du. Besta borobiltzeko, bazkaria eginen dute: Norberak etxean prestatutako ilarrak eta barazkiak ongi etorriak izanen dira, eta bertan prestatutakoarekin batean, bazkari eder bat osatzea espero dute.