Iturlandetako beilatokiari buruzko Bilduren proposamena ez du onartu Berako Udalak

TTIPI-TTAPA 2015ko ots. 24a, 12:29

Alkatearen kalitate-botoak erabaki zuen bozketa

Iturlandetan Irache Tanatorio taldeak ireki nahi duen beilatokiaren inguruan Bilduk aurkeztutako proposamena ez zuen onartu Berako Udalak azken batzarrean. Proposamenaren alde bozkatu zuten Bilduko lau zinegotziek eta UPNkoak eta kontra Aralarko hiruk eta PNVko biak. Azkenean, alkatearen kalitatezko botoak erabaki zuen eta ez zen idatzia onartu.

Iturlandetan Irache Tanatorio taldeak ireki nahi duen beilatokiaren inguruan Bilduk aurkeztutako proposamena ez zuen onartu Berako Udalak azken batzarrean. Proposamenaren alde bozkatu zuten Bilduko lau zinegotziek eta UPNkoak eta kontra Aralarko hiruk eta PNVko biak. Azkenean, alkatearen kalitatezko botoak erabaki zuen eta ez zen idatzia onartu.

Idatziak zioenez, «Berako herrian arazo bat dago, bizilagunen desadostasunaren gainetik beilatoki bat eraikitzen ari direlako etxebizitzak dauden eraikin batean». Udala arazo hau tratatzera behartua dagoela zioen proposamenak, «batetik herritar kopuru handi batek, Arartekoak eta Bildu Udal taldeak egindako eskaerengatik eta, bertzetik, beilatoki zerbitzuak herritar guziei eragiten diolako». Arazo hau tratatzeko orduan, Arartekoak egindako gomendioak, Bildu Udal Taldearen proposamenak eta herritarren eskaerak kontuan hartzea eskatzen zion Udalari, baita arazo honi aurre egiteko pausuak ematera konprometitzea, «Berako herrian beilatokiak eraikitzeari buruzko ordenantzei buruzko hausnarketa prozesu partehartzaile bat martxan jarriz».

Alkateak gogorarazi zuen «gaia landu dela udalean, herritarrekiko bileretan, Gobernu batzordean, zinegotziekin bi bilera… Arartekoari erantzuna eman zitzaion eta bere gomendioak ez dituzte konpartitzen, ez baitira bideragarriak». Ordenatzak aldatzeko eta prozesu bat irakitzeko Bilduk egindako proposamenaz, «gaur ekarri dute proposamena, Udalak Udaletxean tratatu nahi du gaia eta haiek nahi zuten gaia kanpora ateratzea», aipatu zuen alkateak. Bilduko ordezkariak erantzun zion egun horretan idatziz aurkeztutako proposamenak bileretan solastutakoa biltzen zuela.

PNVko Santiago Altzugurunen erranetan, «ordenantza aldatzea 5-6 hilabete kostako litzateke eta hauteskundeak hurbil daude, beilatokia bertzerik ez da eta Nafarroako Gobernua sartu behar da, Nafarroako arazoa delako».

UPNko Juan Losak onartu zuen arazo bat badagoela, «900 pertsona aurka daudelako. Udalak erraten ahal zion zerbait Iracheri. Dena ongi dago baina bizilagunak osoko bilkura guztietara etortzen dira, politikoek zerbait egin behar dute, bide bat ireki, arazoa heredatu eginen baita».

Alkateak ukatu zuen politikoak errudunak direnik eta solastu egin ez dutenik, «eman behar ziren pausuak eman ditugu eta ordenantzak edozein momentutan alda daitezke, indemnizazioa berdina izango litzateke».

Aipatu bezala, lehen bozketan berdinketa suertatu zen eta bigarrenean, alkatearen kalitatezko botoak erabaki zuen eta proposamena ez zen onartu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun